HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 23
Aldi hartan, Jesus itsasbazterrera joan zen bere ikasleekin. Galileatik etorritako jendetza handiak jarraitu zion. Eta, berak egiten zituenak entzunik, Judea, Jerusalem eta Idumeatik, Jordanez bestaldetik eta Tiro eta Sidon aldetik ere jendetza handia bildu zitzaion. Jesusek txalupa prest edukitzeko agindu zien ikasleei, hainbeste jenderen artean zapal ez zezaten. Izan ere, asko zituen sendatuak, eta gaitzen bat zuten guztiak gainera zetozkion, ukitu nahian. Espiritu gaiztoek, ikusten zuteneko, haren oinetara erori eta oihuka esaten zioten: «Jainkoaren Semea zara Zu». Hark, ordea, zorrotz agintzen zien, ez emateko ezagutzera.
Markos 3, 7-12.

Mendebaldeko giro sekularizatuan kezkatuta gaude kristauok “influencer” eskasak garelako. Gero eta nabariago, hutsaren hurrengoa gara giro kultural honetan. Ziur asko, beste garai batzuetan gertatu zen bezala, oso pozik egongo ginateke gure pastoralaren bitartez leku askotako jendetza handia bilduko balitzaigu eta, gure ekimenari esker, giza gaitz asko gaindituak izango balira. Ziur asko, orduan sentituko genuke gure zeregina (misioa) betetzen ari garela eta Jesus benetan “Jainkoaren Semea” delako lekuko zintzoak garela.
Ematen du Jesus bere inguru kulturalean “influencer” itzela zela baina “influencer” izateari uko egin ziola: “zorrotz agintzen zien ez emateko ezagutzera”.
Beharbada, kontrajartze horretan gaizki ulertu bat egon liteke. Jesusentzat “Jainkoaren Semea” izateak porrota dakar haren giro kulturalean, agian, gurutzeko porrotetik soilik uler baitaiteke fede-aitorpenaren esanahia. Jesusi jarraitu nahi diogunentzat, ordea, “Jainkoaren Semea” izatetik haren (hots, gure) arrakasta espero dugu.
Baliteke gaurko giro sekularizatu hau oso aproposa izatea benetako kristau fedea barneratzeko, ernatzeko eta loratzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments