HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 21
Behin batean, larunbatez gari-soroetan barna zihoan Jesus. Eta ikasleak bidenabar galburuak mozten hasi ziren. Fariseuek esan zioten Jesusi: «Nolatan ari dira egiten, larunbatez zilegi ez dena?». Hark erantzun: «Ez al duzue inoiz irakurri zer egin zuen Davidek beharraldi batean, bera eta bere lagunakgoseak gertatu zirenean? Nola, Abiatar apaiz nagusi zelarik, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituen, legez apaizek bakarrik jan zitzaketenak, eta nola bere lagunei ere eman zien?». Eta esan zien: «Larunbata gizakiarentzat egin zuen Jainkoak, ez gizakia larunbatarentzat. Beraz, Gizonaren Semea larunbataren beraren nagusi da».
Markos 2, 23-28.

Legeak markatzen du zer den zilegi, zer dagoen galarazita.
Gizarteak ezin du iraun legerik gabe; nolabait, giza bizikidetzaren ituna da.
Legeak, ordea, badu bere arriskua. Gizadiaren historiak ondo asko erakusten du legea giza bizitzaren kontra doala sarri askotan. Nahi baino gehiagotan, gizakiak albo-kalte dira. Legerik arriskutsuena da, seguru asko, Jainkoaren izenean egikaritzen dena.
Kristauek, gizaki guztiek bezala, legeak behar ditugu, baina ezin dugu Jainkoa sartu gure legeetan. Jende xumearen premia da Jesusen erraiak mugiarazten dituen legea; gaurko testuan, beharraldiak eta gosea.
Gizadiaren gaurko une historikoa beharraldiek eta goseak jota dago. Gaurko garaiak antzinakoak baino hobeak edo txarragoak direla esateko ez dugu datu fidagarririk. Baina argi dago antzinako legeak gizaki on asko ere hiltzen zituela, besteak beste, Nazareteko Jesus, giza bizitza duinaren alde jarri zelako.
Eta gaurko gure legeak?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments