HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 17
Zenbait egunen ondoren, Jesus Kafarnaumen sartu zen berriro, eta etxean zegoeneko berria zabaldu zen. Bildu zen jendetzarekin ez zegoen inon tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua adierazten zien. Hartan, elbarri bat ekarri zioten lau lagunen artean. Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe-gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzanik zegoen ohatilan. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari: «Seme, barkatuak dituzu bekatuak!». Baziren han eserita lege-maisu batzuk, eta hau zioten beren baitan: «Zer ari duk hau horrela? Biraoka ari duk. Nork barka zitzakek bekatuak, Jainkoak berak izan ezik?». Baina Jesusek bere barruan haien gogoetei igarri eta esan zien: «Zergatik dituzue gogoeta horiek zeuen baitan? Zer da errazago, elbarriari “barkatuak dituzu bekatuak” esatea ala “jaiki, hartu ohatila eta zabiltza” esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena». Eta esan zion elbarriari: «Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera». Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Denak harriturik gelditu ziren, eta Jainkoa goresten zuten, esanez:
«Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».
Markos 2, 1-12.
Bukatu berria den Eguberri garai honetan, Jesus, Maria eta Jose ikusi ditugu artzaiez inguraturik abereentzat zuzendutako estalpe batean. Egiptora ihesi errefuxiatu modura ere ibili izan ziren. Etxegabeak, familiagandik urruti, gauaren iluntasunean zein hurbilduko kezkaz, iheslari… Ziurrenik ez ziren ongitaze eta lege ofizialaren ikur izango lege-maisuen begietarako.
Beste horrenbeste ikusten dugu pasarte honetan: Jesusen modu eta ekintzei erreparoak jartzen dizkiete hemen ere Jainkoaren legea gorde eta errespetarazi behar dutenek.
Honen bitartean, benetazko premia eta Jesusengana heltzeko irrika dutenek pentsaezina den irtenbidea bilatzen dute teilatua zulatuz. Gaur egun sormena esango genioke: modu berriak egoera berriei erantzun ahal izateko.
Izan ere, hain aldagarria den errealitate eta mundu honi betiko erantzunak ematen badizkiogu, ez dugu ezer aldatuko. Eta Jesusengana hurbiltzeko moduak eta hizkuntza eguneratzen ez baditugu, harremana eta maitasuna berbera izanda ere, ezin izango dugu bere lekuko izan gaur egungo munduan.
Nola irakurtzen eta begiratzen dugu gaur egungo errealitatea? Lege-maisuek bezala araudiari loturik, edo begirada zabal batez ingurukoa ulertu eta sormenez eta Jainkoaren graziaz zirrikito berriak irekitzeko asmoz?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments