
Gabonetako argiak amataturik, urtarrileko maldan gora, ohiko erritmo arruntera itzuli gara. Jaietako zurrunbiloa itota, garai berezi horren esanahiari begiratzeko tentazio zaharra datorkit.
Eguberriko garaia sinboloz josirik dago. Batzuk zaharrak badira ere, ez da sinbolo berririk falta eta, nola ez, zenbait sinbolo zaharberritu agertzen zaizkigu. Ezin gaitezke sinbolorik gabe bizi, sinboloak bizi baikaitu nahitaez.
Azken urteetan, Ermitaraba izeneko elkarteak ekimen berezi eta esanguratsu bat asmatu du Gabonak ospatzeko. Kuartangoko Marinda auzoan kokatutako San Joan baseliza (San Juan Ante Portam Latinam) aukeratu du haragiztapenaren kristau misterioa ospatzeko. Gaur egun, XIII. mendeko baseliza ez da erabiltzen eta ganadu babeslekua da sarri askotan.
Testuinguru berezi horretan, turista kuxkuxeroen begietatik urrun, argizarien distira apalaren eta keinukariaren konpainian, Jainkoak giza historian parte hartzen duela eta nola hartzen duen parte ospatzera gonbidatzen dute elkarteko kideek modu sinboloko bizian.
Hiri handietan, argien espektakulua eta tenpluen handitasuna nabarmentzen dira; bazterreko baselizako hondakinetan, berriz, herri xumearen fede isilaren jaia.
Aurtengo Gabonetan ez da posible izan Marindako San Joan baselizan egitea, aurreko egunetan izandako euria zela-eta, ingurua lokatzez betea baitzen. Aukeratutako ordezko baseliza Toberako Andra Maria izan da. Toberako, Billa Toberako (Villanueva de Tobera) eta Santurdeko zenbait auzokide argirik gabeko XII. mendeko baselizan bildu dira Gabon Gaua ospatzeko.
Urtarrileko maldan gora, hiri handienetako argi distiratsuak desagertu dira baina baseliza zaharren hondakinek hor diraute gogorarazten Jainko izendaezinak zer izen eta zer izan hartzen dituen.
Ederra. Argazkia bertan aterata al dago?
Bai Xabier, halaxe da. Neuk egin nuen.
Bai Xabier, halaxe da. Neuk egin nuen.