Hemen Aleak: aurreko aldizkariaren kimu berria

2025 Urt 7

2004 eta 2020 urteen artean argitaratu zen Hemen aldizkaria, euskaraz erlijio gaiak sakonki aztertzen zituen aldizkari ederra. Itxi eta lau urte beranduago, fededun batzuen ahalegin eskuzabalari esker eta Bilboko Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltzako Institutuaren babespean, berriz ere martxan jarri da Hemen Aleak izenarekin. Argitalpen xumeagoa da: liburuxka izan beharrean koaderno formatua du, baina aurrekoaren irakurleak poztuko dituen diseinuari eutsiz.

Azaroko lehen zenbaki honetan Sinodalidadeari buruz mintzo zaizkigu bi artikulu: Jose Mari Kortazarrek Sinodoaren esperantza eta etsipenak azaltzen dizkigu. Desesperantzari aurre egiteko Elizak jorratu beharko lukeen bidea aldarrikatzen du: klerikalismoa gainditu eta erdigunean laikoak, emakumeak, pobreak, ekologia eta kultura minorizatuak jarriz. Bigarren gogoeta lidergoari buruzko Estrella Morenoren testu baten itzulpena da. Ministerio ordenatuen funtzioa zuzen zuzenean sinodalidadearen kontzeptuarekin lotzen du egileak. Hare gehiago, apaizen zilegitasuna (ez du hitz hori erabiltzen berak) bokazio eta karisma desberdinak indartzeko gaitasunarekin lotzen du. Gainera, lidergoaren funtzioak ministerio ordenatuarekin duen ustezko lotura apurtu behar dela azaltzen digu. Artikulu interesgarriak biak. Eskertzekoak dira ere Sinodoaren otoitza euskaraz eskaintzea eta azken orrialdeetan aurkitzen ditugun liburu erreseinak.

Zenbakia azaroan argitaratu zenez, bertan ez da urriaren 26an bozkaturiko Sinodoaren amaierako dokumentua aztertzen. Pena. Interesgarria litzateke dokumentu garrantzitsu horrek Kortazar eta Morenoren gogoak zein neurritan hasetzen dituen jakitea. Sinodoaren dokumentu horri buruz ari garenez, gomendagarria da Simon Lopezek orain gutxi Otoi.eusen argitaratutako artikulua.  

0 zenbaki honek gehiagorako gogoz utzi gaitu. Esango nuke oso “etxekoentzako” gaia aukeratu dutela, aurreko aldizkariaren jarraitzaileak berraktibatzeko edo. Erabaki egokia, baina mugak ere badituena. Kortazarrek dio Sinodoa dela Vatikanoko II. Kontziliotik gero “gure Eliza Katolikoaren unerik garrantzitsuena”. Baliteke, baina Sinodoak eztabaida publikoan eta gizartearen egunerokotasunean duen presentzia txikia ikusirik, esango nuke, Kortazarrek berak antzematen duen “desilusio usaia” baino gehiago, interes falta dela nagusi gizartean gai honi buruz. 

Eta, hala eta guztiz ere, Espirituak hor jarraitzen du munduan taupaka. Eta asmatu beharko dugu Espiritua antzematen eta hari laguntzen pertsona bakoitzaren bihotzean hazi dadin. Horretan lagunduko diguten gogoeta sakonak eta eztabaidak behar ditugu euskaraz ere.

Eskerrik asko beraz Hemen Aleak proiektu berri honi eta Teologia Pastoraltzako Institutuari.

(Aldizkariaren zero zenbakia doan jaso daiteke idtp@idtp.org helbidera idatziz edo 944795652 telefonora deituz).

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude