HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 4

Aldi hartan, han zegoen Joan Bataiatzailea bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zienJoanek: «Horra Jainkoaren Bildotsa». Bi ikasleek, hori entzunik, Jesusi jarraitu zioten. Itzuli zen Jesus eta, jarraitzen ziotela ikusirik, esan zien: «Zeren bila zabiltzate?». Haiek erantzun: «Rabbi, non bizi zara?»(Rabbik «Maisu» esan nahi du). Jesusek esan zien: «Zatozte eta ikusiko duzue». Joan ziren, ikusi zuten non bizi zen, eta harekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak inguru zen. Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietako bat Andres zen, Simon Pedroren anaia. Andresek bere anaia Simonekin egin zuen topo lehenengo, eta esan zion: «Mesias aurkitu dugu» (Mesias hitzak «Kristo» esan nahi du, hau da, «Gantzutua»). Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarriz, esan zion:

«Simon zara zu, Joanen semea; aurrerantzean “Kefas” izango da zure izena» (Kefas izenak «Pedro» esan nahi du, hau da, «Harkaitza»).

Joan 1, 35-42.

Gaurko ebanjelioak lau aldiz itzultzen dizkigu bertan agertzen diren hitz batzuk. Esanguratsutzat har dezakegu datu hau. Jesusen etorrera guregandik horren urrun dagoen kultura eta garai batetan izan zela adierazi baino ez dute egiten. Horregatik behar ditugu itzulpenak. Horrez gain, gure fedeak aitortzen duenaren arabera, datu bi hauek Jaungoikoaren nahiaren adierazgarritzat ditugu. Hau da: Jesusen gizatasuna, bere jainkotasunari itsatsita dagoela. Jaungoikoa bere nahia eta bere izana adierazteko gizatasunaren ezaugarririk funtsezkoenekin “lotzen” da: garai batekin eta toki jakin batekin. Bera nor den eta bere proiektua zein den adierazteko ez ditu hauek baztertzen, aldiz, denbora eta kokapena aukeratzen ditu bereak direnak argitzeko. Gure artean, ulertu ditugunak, ulertutzat hartzen ditugun gure fedearen oinarriak, ez ditugu garaiarekin eta tokiarekin gaurkotzeko premiarekin lotzen. Eta iluntasunean geratzen dira askotan Berri Onaren azalpena eta balioa. Eguberri jaiak Jesusen Berri Ona gure garaikideen hizkuntzara gaurkotzera bizkor gaitzala.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Halaxe bedi!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude