XXI. Mendeko Eliza ispilu aurrean: zer diosku Sinodoko Amaiera Dokumentuak?

2025 Urt 2

Errepikatzearen errepikatzez, arrunkeria estereotipatu bihur daitezke “Eliza erritmo motelean mugitzen den batela da” bezalako esaldiak. Errealitatearen puska bat argitzen dute, baina ez dute zertan ikuspegi osoa fideltasunez islatu.

Begiratu, bestela, joan den urrian Eliza unibertsalak bizi izan duen jarduera frenetikoari. Hilaren 2tik 27ra, hiruzpalau urtez mundu zabaleko parrokia eta elizbarrutietan bere ibilbidea egin eta gero (baita euskal parrokietan ere), Sinodalitateari buruzko Sinodoak bere une gorena jo zuen, Erroman batzartutako asanblea sinodalak egunero, gau eta egun, egindako bilera eta eztabaidetan.

Hedabideen ikuspegitik, Sinodoak askotariko oihartzuna izan du. Elizaren komunikabideetan presentzia oparoa izan du (ikus, adibidez, ETB1-eko Egi Bidean programan eskaini zitzaizkion azalpen argigarri hauek; ala honelakoa bezalako artikuluak). Komunikabide orokorretan, ostera, aipamen urrrixeagoak izan ditu, ezbairik gabe.

Esan bezala, prozesu sinodala deitua izan denak bide luzea egin du lurraren bueltan zabaldutako eliztarren artean. Entzute eta hausnarketa ariketa gisara planteatu da; alegia, Elizak bere burua nola ikusten duen, bere premia, larridura, poz eta itxaropenak zeintzuk diren, Espirituaren argitan aztertzeko saiakera gisara. Prozesu horrek bere horretan dirau, ez da oraindik amaitu.

Orotariko iritzi eta ahots horiek arretaz entzun eta gero, beraz, Frantzisko Aita Santuak izendatutako 368 ordezkari Erroman batzartu ziren. Hilabete horren bueltan, Elizaren inguruan direnak eta ez direnak jorratu ostean, Asanbleak Amaiera Dokumentu deritzona argitaratu du. 55 bat orrialdeko pieza, jatorriz italieraz plazaratu dena, eta egungo Elizaren nondik norakoak aztertzeko nahiz fededunen taupadak nondik jotzen duten hautemateko parada ederra eskaintzen duena.

Batzarrak dokumentu hori onartu eta berehala, horra gertaera aski esanguratsua: Aita Santuak bere horretan onetsi eta bere gain hartu zuen. Alegia, berorrek zuzenean onartu balu bezala plazaratu zuen, batzarraren dokumentuan esku hartu eta bere aldetik Entziklika bat edo bestelako dokumentu bat ondu beharrean. Ez da detaile ñimiñoa; aitzitik, munta sinboliko eta praktiko handiko urratsa dirudi: hasteko, Amaiera Dokumentua bere horretan integratuko delako Elizaren Irakaspenean, Aita Santuak berariaz adierazi duen gisan.

Horra, interesdunaren jakinmina asetzeko, dokumentuaren atal esanguratsuenetariko batzuk, funtsean espainierazko itzulpena oinarri hartuta eta frantsesezko nahiz ingelesezko bertsioen laguntzarekin. Esanguratsuen-edo izan daitezkeen hausnargai batzuk hautatu dira; besteak beste, Sindoalitatearen esanahia, emakumezkoen protagonismoa Elizaren baitan ala Jainkoaren Herriko kideen zereginak Eliza sinodalaren ereduak.

  • Atarikoak (1. paragrafoa).

Elizaren bizitzako urrats berri bakoitza iturrirainoko itzulera da, ikasleek Piztu Zenarekin Afaltegian izandako topaldiaren esperientzia berritua. Haiek bezala, gerorrek ere, Asanblea sinodal honetako partaideok, bere errukiaren besarkada eta bere edertasunaren hunkidura sentitu dugu. Espirituarengan izandako solasa biziz, Haren presentzia hauteman dugu gure artean: Haren presentzia, zeinak, Espiritu Santuaren dohaintzaz, jarraitzen baitu bere Herrian ernaraziz diferentzien armonian datzan batasuna”.

  • Sinodalitatearen esanahia eta dimentsioak (28. paragrafoa).

Sinodalitate” eta “sinodal” terminoak sinodoan batzartazeko eliz-ohitura zahar eta iraunkorretik datoz. […] Prozesu sinodalean zehar, sinodalitatearen esanahiaren inguruan konbergentzia gorpuztu da, Dokumentu honen oinarrian datzana: sinodalitatea kristauok elkarrekin ibiltzen dugn bidea da, Kristorekin eta Jainkoaren Erreinuruntz, gizateria osoarekin batera; misioruntz orientatua, bere ondorio dira asanblea modura batzartzea eliz-bizitzako maila desberdinetan, elkarri entzutea, dialogoa eta elkarte-diszernimendua […]. Era labur eta sintetikoan esateko, sinodalitatea berrikuntza espiritualerako eta egiturazko erreformarako bidea da, Eliza parte-hartzaileagoa eta misiolariagoa bihurtzeko; alegia, gaiago izan dadin gizon-emakume bakoitzarekin batera ibilitzeko, Kristoren argi-izpiak igorriz”.

  • Emakumeen papera Elizan (60. paragrafoa).

Bataioaren poderioz, gizon-emakumeek duintasun berbera dute Jainkoaren Herrian. Halere, emakumeek hainbat behaztoparekin topo egiten jarraitzen dute euren karismak, bokazioa eta Elizan duten tokia era egokian aitor daitezen, misio komunarekiko beren zerbitzuaren kaltetan. […] Emakumeek gehiengoa osatzen dute fededunen artean eta maiz familiartean fedearen lekuko nagusi dira. Parrokietako eta kristau-elkarte txikietako bizitzan parte-hartzaile aktibo dira. […] Asanblea honek dei egiten du oso-osorik bete daitezen araudiak dagoeneko aurreikusten dituen aukerak andreen paperaren inguruan, batez ere oraindik ezarri ez diren tokietan. Ezerk ez du eragozten emakumezkoek Elizan lidergo funtzioak betetzea: Espiritu Santuarengandik datorrena ezin da gelditu. Bestela ere, zabalik dirau diakono-minsteritzarako emakumeen balizko sarbidearen auziak eta afera honekiko diszernimenduak jarraitu egin behar du”.

  • Jainkoaren Herriaren tokia Gotzainen hautaketan eta horien egitekoak (70. paragrafoa).

Gotzainaren zerbitzua kristau-elkartearen baitan gertatzen da, elkartearekin eta elkartearentzat (ik. Lumen Gentium 20), Hitza hots eginez […] eta gainerako sakramentuen bitartez. Horregatik, Asanblea sinodalaren desira da Jainkoaren Herriak esateko handiagoa izatea Gotzaien hautapenean […]. Garrantzitsua da, orobat, batez ere bisita pastoraletan, Gotzainak fededunek denbora igarotzea, bere diszernimendurako haiek entzun ditazan. Honek lagunduko dio Eliza Jainkoaren familia gisa hautematen […]”.

  • Apaizen dohainak, premiak eta eginbeharrak Eliza sinodalean (72. paragrafoa).

Eliza sinodalean, apaizak euren zerbitzua pertsonekiko hurbiltasun-, harrera- eta entzute-jarreraz bizitzera daude deituak, horrela zinez sinodala den estilora zabalik egonik. […] apaizgoak benetazko dohain-trukean dihardu, misioaren mesederako. Abadeek ere akonpainamendu eta sostengu premia dute, batez euren ministeritzaren hastapenetan eta ahultasun nahiz hauskortasun garaietan”.

  • Diakonoak, maitasunaren eta zerbitzuaren erakusleiho (73. paragrafoa).

Jainkoaren eta Elizaren misterioen zerbitzari izanik […], diakonoek [beren ministeritza] karitatearen zerbitzuan, [Hitzaren] iragarpenean eta liturgian betetzen dute, presente dauden gizarte- eta eliz-testuinguru bakoitzean erakutsiz zer-nolako lotura duten iragarritako Ebanjelioak eta maitasunean bizitako bizitzak, eta orobat Eliza osoan sustatuz guztionganako zerbitzuaren kontzientzia eta estiloa, batez ere behartsueenen mesedetan. […] Diakono-ministeritzak ezezagun izaten jarraitzen du kristau askorentzat […]. Kontzilioaren irakaspena sakondu beharko da […], baina dagoeneko oinarri sendoa eskaintzen du tokian tokiko Elizek diakonotza iraunkorra era eskuzabalagoan sustatu dezaten […]”.

  • Laikoak, emakume nahiz gizon, ardura eta egiteko berrien atarian (77. paragrafoa).

Laikoei, emakume nahiz gizon, parte-hartzerako parada ugariagoak eskaini behar zaizkie, zerbitzu- eta ministeritza-molde berriak esploratuz egungo premia pastoralen mesedetan, elkarlan eta erantzunkidetasun bereiziaren espirituaren argitan […]”.

  • Abadegaien formakuntza, seminarioetan nahiz elkarteetan txertatuta (148. paragrafoa).

Prozesu sinodalak aurrera egin ahala, ahots ugarik eskatu dute ministeritza ordenaturako hautagaientzako diszernimendu eta formakuntza ibilbideak estilo sinodalaren arabera taxutu daitezela. Alegia, bermatu dadila, besteak beste, emakumezko figuren presentzia esanguratsua, apezgaiak elkarteetan egunerkoan murgilduta egotea, eliztar guztiekiko elkarlana eta eliz-esparruko diszernmiendua. […] Asanbleak eskatzen du Ratio Fundamentalis Institutionis Sacerdotalis delakoa [apaizgaien formakuntzarako gidalerro dokumentua] berrikusi dadila, Sinodoan ondutako eskaerei harrera eginez eta beroriek formakuntza sinodalerako argibide zehatz bihurtuz […].”

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude