HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 2

Hau da Joan Bataiatzaileak egin zuen aitormena, juduek Jerusalemdik apaizak eta lebitarrak bera nor zen galdetzera bidali zizkiotenean. Joanek argi eta garbi aitortu zuen: Ni ez naiz Mesias. Haiek galdetu zioten: Nor zara, bada? Elias al zara? Joanek erantzun: Ez. Haiek, orduan: Etortzekoa den profeta al zara?. Eta hark: Ez. Berriro galdetu zioten: Nor zara, bada? Bidali gaituztenei erantzuna eman behar diegu. Zer diozu zeure buruaz?. Joanek, orduan: Ni, basamortuan oihuka ari denaren mintzoa naiz: “Zuzendu bidea Jaunarentzat”, Isaias profetak esan zuen bezala. Bidalitako haietako batzuk fariseuak ziren, eta galdetu zioten: Zergatik bataiatzen duzu, bada, ez bazara Mesias, ez Elias, ez etortzekoa den profeta?. Joanek erantzun zien: Nik urez bataiatzen dut. Zeuen artean baduzue, ordea, ezagutzen ez duzuen bat, nire ondoren datorrena; eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Hau guztia Betanian gertatu zen, Jordan ibaiaz bestaldean, han ari baitzen Joan bataiatzen.

Joan 1, 19-28.

Urte hasieran jaso dezagun gaurko ebanjelioak egiten duen funtsezko galderetako bat: Nor zara zu? Joan Bataiatzailea erantzutera behartzen dute. Eta galdegileek ez dute edozein erantzun ontzat ematen. Eta zu, gaur, noren mintzoa zara? Zeintzuk dira zuzentzen saiatzen dituzun bideak?

Jainkoaren ahotsak eta bide zuzenak ez dira beti bat-batean ikusten diren horietakoak, horregatik galdegileek galdera behin eta berriro luzatzen dute. Behin eta berriro egiten. Erantzuna ez da beti ulergarria, askotan ulergaitza ere. Batzuentzat, egia eskuartean maneiatzen dutenentzat, ez da lehentasuna izan behar duen helburua. Baina Berriona zabaldu behar bada eta iragartzeko medioak garaikideakek izan behar badira… ulergarritasunari toki bat egin beharko diogu. Kontuan izan beharko dugu, askotan ahaztu egiten zaiguna: maitasunean ipini behar dela ulergarritasuna, hori baita pertsona orok eta garai guztiek ulertzen duten azalpenik argiena.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Barkatu itxaropena faltagatik, tristurak eta desilusioak oztopatzen didate maitasuna adieraztea

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude