HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 1

Aldi hartan, artzainak lasterka joan ziren Betleemera, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose eta haurra askan etzana. Ikusi zutenean, jakinarazi zuten haur hartaz esan zitzaiena. Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren artzainek esaten zutenarekin. Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza hauek guztiak, bere bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenagatik; dena aingeruak esan bezala gertatu zitzaien. Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus ezarri zioten izena, sabelean sortu aurretik aingeruak esan bezala.

Lukas 2, 16-21.

Loiolako Ignazioren gonbidapena jasota, Lukasek irudikatzen duen eszena honetan bertan egongo bagina bezala irakur eta guregana dezakegu. Irudiak, ikusi; esaten direnak, entzun; bertan dauden usainak, usnatu; haurraren samurtasuna, igarri; bertan gertatzen denaren zaporea, dastatu. Eta Mariak, Jesusen amak, egin ohi zuen bezala, kanpoan gertatzen dena barrutik hausnartu. Eta bitartean Jainkoa nor den azaltzen joango da bihotz-buru-ariman. Geratu zaitez hor, esanguratsu zaizun horretan. Jakin badakigu eta,  jakite handiak ez duela anima asetzen, gauzak barnean sentitzeak eta gustatzeak baizik.

Batzuetan kanpotik barrura datorkigu aldaketarako aukera. Beste batzuetan, aldiz, barrutik kanpora. Beti barrutik igaro behar du aldaketaren esanahiak, sakontasunean errotu dadin. Eta Ebanjelioaren estilokoa bada gainera, kanpoko errealitateak astindu eta eraldatu beharko du baita. Txikitasunean gehienetan. Gaurkoan ebanjelioarena, adi egoteko moduko gonbidapena izan liteke.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude