HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 31

Hasieran bazen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainko zen Hitza. Hitza hasieran Jainkoarekin zen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin. Hitzagan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argiak ilunpean argi egiten du, baina ilunpeak ez zuen onartu. Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik. Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina den arren, munduak ez zuen ezagutu. Bereengana etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, haren izenean sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien. Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza nahieratik ere, Jainkoagandik baizik. Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza, Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza. Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: «Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”». Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.

Joan 1, 1-18.

Ebanjelioa, Jesus Jaungoikoarengandik heltzen zaigun berriona denaren aitormena da.

Jaungoikoaren estilora adierazten da aitormen hau. Hasierako liburuan Jaungoikoak Hitzaren bidez izana ematen dio guztiari. Joanen ebanjelioak Jesusen Izana, Hitzarekin lotzen du: bera Hitza da. Berak ematen dio den guztiari izana, hau da, izana zertarako eta nolatan dugun eta, batez ere, nolakoa izan behar duen, argitzen digu. Duintasunarekin soka estuz lotzen du izana. Hitzaren garrantzia zertan datza? Hitza den Semea onartzen dutenek askatasuna eta bizi oparoa dastatzeko ahalmena izango dutela. Eta Jaungoikoa haragi egin zenez, eta bizilekua gure artean jarri zuenez, ez daukagula zertan mundu honetatik hanka egin beharrik, ezta ez dugula gure bizitza arruntetatik kanpo bilatu-aurkitu beharrik. Haragia eta gure arteko bizilekuetan ikus dezakegu haren aintza. Joanek ondo adierazten duen moduan eta historiaren ibilbidean hainbat bider gertatu izanak argitzen duen moduan, edozein modutako izana Jesusena ez denez, batzuengandik ez du onarpenik jasoko, beste batzuek ez onartzeaz gain, baztertu egingo dute gurutziltzatu arte.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude