Bete daitezela zure promesak (Lk 1, 46-55)

2024 Abe 30
Handia zara gero, Jauna!
Zein handia zaren
eta gu zein txikiak zure ondoan!

Korrika goaz zugana,
umeak beren gurasoengana bezala:
axolagabeki batzuetan,
pozik eta konfiantzaz,
eta beste batzuetan gure penatzar txikiek larrituta,
baina jakinik, hori bai, zu hortxe zaudela beti,
Aita-Amaren maitasun ahalguztidunezko zure besoaz
gu salbatzeko.
Lagundu zure salbazioaren seinaleak ezagutzen,
aurrerantzean ere zure handitasuna sentitu ahal izateko.

Zenbat gauza egin dituzun nire alde, Jauna!
Zein bestelakoa izango nintzatekeen ni,
zuk nigan eginez joan zarenagatik ez balitz!
Zergatik begiratu didazu, eta aukeratu?
Zergatik fidatu zara
hain txikia eta —batez ere noizean behin—
hain zikoitza naizen honetaz?
(Zeren, Jauna,
guk biok ondo dakigu nire miseria eta zikoizkerien berri,
haietako batzuk inori esaten ez badizkiogu ere).

Eta hala ere, zuk egundokoak egin dituzu nigan
eta guztiek aitortu beharko dute
zu aurkitzea bizitzan izan dudan zorterik handiena izan dela.
Lagun iezadazu, Jauna,
nigatik egin duzunaren maila hori ematen
edo gutxienez,
horretara ez bainaiz sekula ere iritsiko,
nire bizimoduak erakuts dezala
maite eta errespetatzen zaitudana.

Sarri askotan indartsu sentitzen naiz:
gauzak aurrera ateratzeko gai naizela sentitzen dut
(ez nire gauzak bakarrik, Jauna,
zureak ere bai, hara non!)
eta nire ahaleginez eraiki ditudan gauzez fidatzen naiz:
nire sendotasun ideologikoaz,
nire familiaz,
nire komunitateaz,
nire irizpideez…
Eta jakina,
orduantxe galtzen zaitut!
Orduan, bat-batean, ez zaitut aurkitzen!
Izan ere, zenbat eta gu ezer ezago sentitu,
zu hainbat hurbilago baitzaude
eta zenbat eta zure indarra behar dugula gehiago sentitu
zure indarrak hainbat eta balio handiagoa baitu.

Nolako handiustea naizen, Jauna!
Lagun iezadazu, mesedez,
harrokerian erraz-erraz erortzen naiz-eta.
Beharrezkoa bada,
utz nazazu nire bekatuetan,
baita gehien lotsarazten nauten horietan ere,
horrela txiki sentituko naiz neba-arreben aurrean
eta berriz ere behar zaitudala sentituko dut,
zure salbazioa behar dudala, alegia.

Badakit zeuk salbatzen gaituzuna, Jauna,
eta eskertu egiten dizut,
benetan,
baina utzi berriz ere eskatzen:
Salba gaitzazu,
zure salbamena ikus dezagula,
inork ezin izan dezala esan
zure promesak gugan ez direla betetzen!

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude