HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaAbenduak 29
Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziren urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, Jerusalemera igo ziren jaietara, ohitura zen bezala. Jaiegunak bukaturik gurasoak etxerantz abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. Erromeskideen artean zetorrelakoan, egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren taldeko ahaideen eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren haren bila.
Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, irakasleen artean eseria, haiei entzuten eta galdezka. Entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. Gurasoak, ikusi zutenean, harriturik gelditu ziren, eta amak esan zion: «Seme, baina zergatik egin diguzu hori? Horra nolako atsekabez ibili garen aita eta biok zure bila!». Hark erantzun zien: «Zergatik ibili zarete nire bila? Ez al zenekiten Nik neure Aitaren etxean egon behar dudala?». Haiek, ordea, ez zuten ulertu zer esan nahi zien. Jesus Nazaretera jaitsi zen haiekin, eta haien menpean bizi zen. Haren amak bere bihotzean gordetzen zituen gauza hauek guztiak. Jesus, berriz, aurrera zihoan jakindurian, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizakien begietan.
Lukas 2, 41-52.
Pasarte honetan, aurreko egunetakoetan jada ikusi genuen bezala, Jesusek dakarkigun haustura jartzen da agerian. Jesus den hori, Berak dakarrena, bere inguru gertukoan gertatuko den hori ulergaitz, ulergaitz oso zenbaitetan, izango zaigu hasiera batean. Bere jakinkotasuna bere gizatasun betean islatzen da. Guretako bat bilakatu bada ere, ez da guregana etorri gauzek bere horretan jarrai dezaten. Pasarte honetan ikus daiteke hori ezin argiago. Hasieratik bertatik dugu aparta Jesus. Horregatik mintzo zaigu pasarte hau oraindik 12 urteko baino ez den Jesus bati buruz. Umetxo bat baino ez zen artean Jesus. Jesusek berekin ekarriko zuen horren guztiaren hasieratzat baino ez genuke jo behar tenpluko gertakari hau.
Hasieratik bertatik dugu Jesusena denok harri-harri eginda uzteko modukoa. Ez da erdibidean ibiliko. Eta bere laguntza behar izango dugu Bera den hori ulertu ahal izateko. Are bihotz ezin hobeko ziren eta bere ezin gertuagokoak ziren Mariak eta Josek arazoak izan zituzten hasierako hartan bere Semea ulertzeko. Giza eskematik ari ziren berauek bere semearen bila eta bila, guraso arduratsuak antza. Koska bat gorago dago baina Jesus den eta Berak dakarren Hori zinez ulertu ahal izateko gakoa. Gurean dago Jesus, gure artean eta gure arteko beste bat izanez, eta gure hobe beharrez betiere, baina, beti ere beti, Aitaren etxetik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments