HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 27

Asteko lehen-egunean, Maria Magdalena Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten». Atera ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz abiatu ziren. Biak batera zihoazen lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro ere eta hilobian sartu zen. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; hau, ordea, ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen.

Joan 20, 1a. 2-8.

Lan egin osteko atsedenaldia hartzea bete beharreko agindutzat jotzen zen, hasiera batean judutar ororentzat, zein, gerora, kristauentzat, besteetan beste, lanaren idolatriara zeinen aise lerra daitekeen gizakia ondo ere ondo zekitelako. Beti lanean jardutean, beti etekintsu den zerbaitera geure burua emanda jardutean datza aipatu idolatria delako hori, beti kanpora begira jardute horretan, eta, bestetik, sekulan isilean ez egotean, edota geure buruarekin, zinetan besteekin, edo Jainkoarekin sekulan ez egotean. Horregatik hain justu jasotzen zuen orduko Legeak atseden hartzeko betebeharra. Tarteka “etxeratu” behar gara, kanpotik barrura bueltan etorri eta gozatu, disfrutatu errealitateaz, berau dagoen dagoenean.

Asko lan egiten baldin bada, edota etenik gabe egunero eta une oro lanean jarduten badugu, hor atzean ditugun bultzagarriak harrokeria eta hantustea izan daitezke, ziur asko. Den-dena gure esku, gure kontrolpean eduki uste dugu eta eduki nahi dugu, berez halakoxe eta halakoxe den horri guztiorri aldatzeko tarte txiki-txikienik ere utzi gabe. Halaxe jardunez gero, lana idolo bihurtuko dugu.

Ehorzleku hustu batek sorturiko txinpartak azalduko luke pasarte honetan aditzera ematen ari dena. Deigarria gero!, hilobi hustu batek. Ezen, egia aitortzera, bizitza sortzeko bizitza dagoneko toki horretara jo behar dugu. Gurutzerik gabe ez dago Argirik, esan ohi da kristautasunean. Erditzerik gabe ez dago jaiotzarik, diosku biologiak. Bada, gu geu hustu egin behar dugu geure burua Jesus sar dadin geure bizitzan, gure eskemetatik ulergarria batere ez den hori sinesteko, alegia, Jesus berpiztu zela, eta horren seinale hilobi hustua dela.

Gure kristau fedea, hein batean, ehorzleku hustu batetik ernatu zen. Gertakari horrelakoxe batetik halako itxaropen baztergabea jaio izana inortxok ere ez zukeen ulertuko hasiera batean. Alabaina, gertakari hau eta bere ondorengo fruitua ez zen berez, hala-hola gertatu, baizik-eta hilobi hustu hartara halakoxe jarreraz hurreratu eta hantxe gelditu zelako Magdalako Maria, berau izan zelako itzal ilun-ilun hori iragaten aurrena, etsipenean amildu gabe, maitasun ezin sakonago batetik.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude