HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 26

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Kontuz jendearekin! Auzitegietara eramango zaituztete eta sinagogetan zigorkatuko; agintarien eta erregeen aurrera eramango zaituztete nigatik, aitormen egin dezazuen haien eta jentilen aurrean. Eramaten zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan; ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez. Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen aurka altxatuko dira eta hil egingo dituzte. Mundu guztiak gorroto izango dizue nigatik; baina azkeneraino irauten duena, horixe izango da salbatua».

Mateo 10, 17-22.

Gizakia den hori bere betera eraman zuen Jesusek. Hor zetzan hain justu ere bere jainko izaera, inoiz eman izan ez den gizatasunik beteena, Beragan, bere bizitzan. Bere jarraitzaileak garenok, ez gara inondik ere horraino ailegatuko, baina Berari jarraiki, bere laguntzaz, mundu eta gizartean are errotuago, Berarekiko are lotuago, biziko gara. Hori da Jesusi zintzotasunez jarraitzen ahalegintzea.

Mundu honetakoak izango gara, noski. Baina ez edonola. Errealitate guztiak interpelatu behar gaitu, bete-betean interpelatu ere. Jesusen bihotz zabaltasunez ez dago bazter geratu den gizakirik. Giza kalkuluak, interesak, eta gizarteak funtzionatzeko dituen konbentzionalismo zein erdibideko moral erraz eramangarriak ustel atera beharko lukete, lagun hurkoaren sufrimenduaren eta edozein injustiziaren aurrean. 

Honela jardutea, espero izatekoa litzatekeenaren kontra, ez da erraz ulertua izango zenbaitetan gure gizartean. Honelako deiak, honelako lekukotasunak ez dira erraz onartzen bizi errazez berea gauzatzea helburu baino ez dute horientzat. Hortik dator ez ulertuak izatea, hortik dator are gaitzetsiak ere izatea. Jesusen Erreinua ez da mundu honetakoa, baina mundu honetako bazterkeria guztiak irauliz, sortu daiteke Bere mundu honetako erreinua.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude