HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaAbenduak 25
Hasieran bazen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainko zen Hitza. Hitza hasieran Jainkoarekin zen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin. Hitzagan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argiak ilunpean argi egiten du, baina ilunpeak ez zuen onartu. Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik. Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina den arren, munduak ez zuen ezagutu. Bereengana etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, haren izenean sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien. Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza nahieratik ere, Jainkoagandik baizik. Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza, Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza. Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: «Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”». Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.
Joan 1, 1-18.
Eta gaurko pasarte honek misterioa bera sakontzera eraman beharko gintuzke. Jainkoaren Semea gizon egin da, guretako bat bilakatu da gure salbamenerako. Giza haragiz jantzi da, gu Jainkoaren seme-alaba bihur gaitezen.
Israeldarrentzat, aspaldi hartan, Jainkoaren borondatea ezagutzea benetan pozbide handia zen. Ibili-ibilian, Legearen bidez eta profeten bidez, Jainkoa ezagutuz joan ziren. Hala ere, haiei aditzera eman zitzaiena ez zen Jainkoaren ezagupide betea.
Jauzi bat baina eman zen, ezin gaindituzko jauzia. Hortik hara, Jainkoak ez digu bere nolanahiko ezagupidea eman. Semea dugu Aitaren agerbiderik beteena, Bera berau agerbide egina. Hortxe aitortu behar dugu Eguberrietako misterioa, Aitaren Hitzean hain justu ere. Jesus berarengan erakutsi baitigu Jainkoak bera den hori. San Joanek ezin argiago esan zigun: “Hasieran bazen Hitza. Hitza Jainkoarekin zen eta Jainko zen. Eta Hitza haragi egin zen”. Jainkoa bera eman zaigu ezagutzera Jesusengan, Jesus baita Jainkoa azaldu digun Hitza. Horra, hortaz, misterio pozgarria.
Pozgarria zergatik? Zergatik izango da? Bada, hori ezagutu eta onartuko duten horiei, Jainkoaren seme-alaba izateko eskubidea emango zitzaielako. Ikaragarria da, gero, hau! Jainkoaren bihotza zulatua geratu da Jesusengan, gu guztiontzat toki bat egon dadin eta, hartara izate berri bat izan dezagun.
Hitz honen, Jakinduria honen aurrean, jarrera bana har genezake: bata, alde batera baztertzearen postura. “Argiak ilunpetan argi egiten du; baina ilunak hura ez zuen onartu. Munduan zegoen; eta mundua haren bidez egina da; baina munduak ez zuen ezagutu. Bereetara etorri zen eta bereek ez zuten onartu”. Hitz ikaragarri hauek gure munduko postura zenbait biltzen dute. Esan al genezake, bada, gaur egun gure gertuko gizartean garrantzi handia duela Aita ezagutzeak?
Baina, bestalde, zer gertatzen zaie, zer ematen zaie, argiari bihotza zabaltzen diotenei? Horiek, Jesusengan, Aitaren bihotz-barrura sartu ahal izango dira. Eta han, bihotz hartan, Aitaren asmoak ezagutu ahal izango dituzte. Egoera berri horretan geure zinezko giza-izatea ezagutu ahal izango dugu, Aitaren bihotzean bestetan ez daudelako gure izatearen argia eta handitasuna. Santutasuna, aurrerantzean, ez da kasik ezin lortuzko zerbait izango. Santutasuna Jainkoaren izatean parte izatetik segituko da. Aurrerantzean, ez gara geure egite narratsen seme-alaba izango, Jainkoaren dohainak santutzen gaituen errugabeko baizik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Oso ondo, Igor. Eskerrik asko