HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 24
Aldi hartan, Zakarias, Joan haurraren aita, Espiritu Santuaz beterik, profeta bezala mintzatu zen, esanez: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, agertu eta bere herria askatu duena! Salbamen-indarra digu eman bere morroi Daviden etxean. Hala hitzemana zuen antzinatik bere profeta santuen ahoz: salbatuko gintuela geure etsaien menpetik, gorroto gaituzten guztien eskutik. Horrela agertu du gure gurasoenganako errukia eta oroitu da bere itun santuaz, gure guraso Abrahami egindako zinaz: berak emango zigula, etsaien eskutik askaturik, beldur gabe bera zerbitzatzea, santu eta zuzen izanez haren aurrean geure bizitza guztian. Zuri, berriz, haurtxo horri, Goi-goikoaren profeta deituko dizute, Jaunaren aurretik joango baitzara hari bidea prestatuz, erakustearren haren herriari salbamena, beren bekatuen barkamena. Gure Jainkoaren errai errukitsuengatik, agertuko zaigu goiz-eguzkia zeru goitik, ilunpean eta Herio-itzalean daudenei argi egitera, gure oinok bake-bidean zuzentzera».
Lukas 1, 67-79.

Bere semearen etorkizuna iragartzen du hemen Zakariasek. Mesiasen aitzindaria eta iragarlea izango zen bere semea, bere etorrerarako herria prest egotera eramango zuena. Izugarria da Zakariasengan ikus dezakegun jarrera. Bere semea jaio izanagatiko poza baino askoz handiagoa izan zen berea. Askoz haratago begiztatzeko gauza izan zen Zakarias, munduko iluntasuna argituko zuen Jesus aurreikusteko gai izan zen. Pasarte honetan salbamen mesianikoa gehiegi idealizatua dagoela pentsa genezake hasiera batean, baina ez da hala inondik ere. Izan ere, iragartzen ari zaigun hori Jainkoaren salbamenaren asmorik gorena da; gaizkiaren sustraien kontra egitea, eta munduko zapalkuntza, injustiziak eta sufrimendua behin betiko disolbatzea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments