Kixmi eta Olentzero

2024 Abe 23

Olentzeroren mitoa era askotara kontatzen da Euskal Herrian zehar baina On Jose Miguel Barandiaran jakintsuak era honetara kontatzen digu, bere “Diccionario ilustrado de mitología vasca” liburuko epilogoan. Kristautasunaren sarrera, eta, ondorioz, mito jentilikoen desagerpena da Euskal Herrian oso zabalduta dagoen elezahar baten gai nagusia. Ataun herritik zetorren bertsio baten arabera, jentilak, Aralarko Argaintxabaleta bizkarrean dibertitzen zeuden egun batean, Ekialdetik  hodei argitsu bat eurenganatzen ikusi zuten. Fenomeno horrek beldurturik, jentil zaharrari deitu zioten eta inguru hartara eraman hodei misteriotsua ikusi  eta zer esan nahi zuen adierazteko. Jentilaren erantzuna:”Kixmi jaio duk, gureak egin dik! bota nazazue amildegira”. Orduan, hodei argitsuaren atzetik, mendebalderantz abiatu ziren jentilak eta Arraztarango hesira heltzean, Jentilarri deitzen den harritzar baten azpian lurperatu ziren. Trikuharri hori Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek aztertu zuten geroago. Era horretara amaitu zen jentiltasuna, herri-mitoaren arabera. Baina jentiletariko bat bizirik gelditu zen Aralarko jentilen hondamenditik eta haranera jatsi zen jentilentzat Kixmi eta guretzat Kristoren jaiotza iragartzera. Lehenengo misiolari hori Olentzero izenez ezagutzen da Euskal Herrian. Gaur, jatorrizko mezua aldatu eta  folklorizatzen ikusten dugu, baina, “Horra-horra gure Olentzero” jentil-misiolaria.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude