HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 22

Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!».

Lukas 1, 39-45.

Abendualdian zehar Jaunak bere amets handietan murgildu gaitu. Isaiasen bidez bereziki, baina baita beste zenbait profeta eta Liburu Santuen pasarte ugariren bidez Jainko Aitak dituen asmo ugari ezagutu ditugu, erabat gainditzen gaituzten asmoak.

Abendualdia, egiaz, geure mundutik, geure ilusio, amets, pentsamolde eta eskemetatik Jaunaren ikusmoldeetara egiten dugun bidaia da; Jainkoaren erara egiten joate bidaia. Fededun izaten joateko (edo hasteko) bidaia.

Eta Jainko Aitaren azken ametsa, amets zoragarri eta handiena, bere erabateko apustua, bertan guztia eman duena, bere Semea gure artera bidaltzea izan da. Eta hori posible izan da Mariari esker, Mariaren fedeari esker. Berak sinetsi duelako Jainkoaren ametsetan; berak,  bere eskasia onartuz Jainkoaren handitasunari bide eman diolako.

Horregatik Elisabeten hitzok oso geure egiten ditugu: “Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua.” Fededunok behin eta berriz gogoratuko ditugu hitzok, eta behin eta berriz pozez eta esker onez begiratuko diogu Mariari, bere baietzak halako fruitua ekarri digulako.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude