HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 20
Handik sei hilabetera, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen. Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango». Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi». Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik». Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.
Lukas 1, 26-38.
Poza da zalantzarik gabe Jesusen jaiotzako pasarteek adierazten duten bizipen nagusia. Jesus Salbatzailearen etorrerak eragiten duen poza. “Poztu zaitez, graziaz bete hori!” esanez agurtzen du aingeruak Maria. “Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean” esaten dio Elisabetek Mariari, eta honek “pozaren pozez daukat barrena” esanez erantzuten dio. Eta aingeruak artzainei egindako agerraldian “berri on pozgarria dakarkizuet” adierazten die.
Beraz, barneko pozez, gorespenez beterik irakurri beharko genuke gaurko pasarte hau. Izan ere, ez da ez analisi edo azterketa garaia, ez hausnarketarako momentua, baizik gune eta une sakratu batean murgiltzea: historia guztia, Jainkoaren nahi edo plan osoa, den-dena emakume baten, neskatila baten baietzaren zain.
Jainkoak bere dohainaren tamainako bihotza aurkitu du. Jainkoa guztiz eman nahirik datorkigu, eta dohain hori jasotzeko gai den bihotza aurkitu du. Mariak, bere baietzarekin bidea ireki dio Jainko Aitaren salbamen asmoari.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments