HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 18

Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen. Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik». Hau guztia Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zen: «Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du, eta Emmanuel ipiniko diote izena (izen honek “Jainkoa gurekin” esan nahi du)». Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen, eta bere etxean hartu zuen emaztea.

Mateo 1, 18-24.

“Zatoz, Jauna!” deika ari gara aldi honetan. Batetik kanpoko gertakari ilunek itotzen gaituztelako. Eta bestetik bizitza kolpetik iluntzen zaigulako, bat-batean erabat zapuzten zaigulako. Horrelako zerbait gertatu zitzaion Joseri.

Gaurko ebanjelioak Josek bizi izan zuen gau luzearen berri laburra eskaini digu.

Seguruenik ilusio galantak eginak zituen Mariarekin ezkondu eta familia bat osatzeko. Bere bizitza amesten ariko zen, Mariaren haurdunaldiaren berria jaso zuenean. Bere bizia erabat hankaz gora geratzen zaio.

Ebanjelioak dio Jose gizon zintzoa zela. Nola liteke gizon zintzo bati horrelako belarrondokoa ematea bizitzak? Non dago Jainkoa? Zergatik niri?… Zenbat horrelako galdera ez zaigun sortu!

Egoera honetan murgiltzen da Jose gauean, gau luze eta ilunean. Eta hortxe, gau beltzaren erdian datorkio Jaunaren hitza, Jaunaren aingerua. Jainkoa presente egiten da gure gauean, eta presente egiten da salbatuz.

Aingeruak egiten duen estreinako gauza Joseren egonezin eta samin guztia jasotzea da. Aingeruak Jose Jainkoaren amets eta proiektuetan murgiltzen du. Eta horrek Joseren ikusmoldeak guztiz aldatzen ditu.

Gau beltzean harremanak zapuzteko asmoz lotaratu zen gizona onarpen asmoz esnatuko da.

Mariarekin bizi berriari ekitea erabaki zuen, eta haurrari Jesus izena jartzea, Jainkoa salbatzaile dugula adieraziz, gau beltzetik ateratzen duen Jainkoaren berri bazekielako.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude