HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 17
Abrahamen eta Daviden ondorengo den Jesu Kristoren jatorri-liburua. Abrahamek Isaak sortu zuen, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren senideak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituen, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rahabengandik Booz sortu zuen, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek David erregea. Davidek Uriasen emazte izanagandik Salomon sortu zuen, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias, Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek Babiloniako erbestealdian Jekonias eta haren senideak sortu zituen.
Eta Babiloniako erbestealdi ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu zuen, Salatielek Zorobabel, Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek, berriz, Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana. Beraz, hamalau gizaldi izan ziren guztira Abrahamengandik Davidenganaino, hamalau gizaldi Davidengandik Babiloniako erbestealdiraino, eta hamalau gizaldi Babiloniako erbestealditik Kristoganaino.
Mateo 1, 1-17.
Apaiz bat Korpuseko prozesioa arrandia edo solemnitate osoz prestatzen aritu omen zen: haurrak beren lekuan, korua, loreak, kandela-eramaileak, intsentsua, palioa… eta guztia prest zuenean eman du abiatzeko agindua. Eta bat-batean konturatzen da Kristoren Gorputza falta zaiola, eta zera dio: “horrenbeste gauzen artean zerbait ahaztu behar”.
Jesusen jaiotza ospatzeko astebete baino ez zaigu falta. Tamalez gu ere dagoeneko eguberrien zurrunbiloan murgilduak gaude: opariak, jakiak, loteria, Olentzero, laneko afariak, haurren oporrak, bataren edo bestearen etxera joan beharra… Eta oso erraza eta ohikoa da garrantzitsuena ahaztea, egun hauek ospatzearen arrazoia galtzea.
Elizak, ordea, fededun guztiok gure artera datorrena ikusteko, ospatzeko, gozatzeko… desiraz betetzen gaitu. Beste guztia albo batera utzi eta egiaz garrantzia duenari begira jarri nahi gaitu.
Gaurkoan Mateok, nor datorkigun kontura gaitezen, belaunaldiz belaunaldi Jainkoaren asmo edo gogo nagusia nola gauzatzen joan den agertzen digu, Jesusen jaiotza Jainkoaren gogo hori gauzatzen lagundu duten pertsonaia nagusiekin lotuz.
Jesus berak honakoa dio: “Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.”
(Jaunaren Semea beretarren artera etorri eta hauek ez omen zuten onartu, edo ez ziren enteratu okupatuegiak zebiltzalako).
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments