HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 15
Aldi hartan, honela galdetzen zion jendeak Joan Bataiatzaileari: «Zer egin behar dugu?». Eta hark erantzuten zien: «Bi soineko dituenak eman biezaio bat ez duenari, eta jatekorik duenak egin beza gauza bera». Etorri zitzaizkion zergalari batzuk ere bataiatzera eta galdetu zioten: «Maisu, zer egin behar dugu?». Eta hark esan zien: «Ez eskatu erabakia dagoena baino gehiago». Gudariek ere galdetu zioten: «Eta guk zer egin behar dugu?». Hark erantzun: «Ez atera inori dirurik gogorkeriaz, ezta gezurrezko salaketaz ere; baizik eta konforma zaitezte duzuen soldatarekin». Herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen ez ote zen Joan Bataiatzailea Mesias izango. Joanek guztiei adierazi zien: «Nik urez bataiatzen zaituztet; baina badator ni baino ahaltsuago dena eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Hark Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. Eskuan du sardea, larraina garbitu eta garia mandiora biltzeko; lastoa, berriz, itzal ez daitekeen suan erreko du». Hauen eta beste aholku askoren bidez, Berri Ona iragartzen zion herriari.
Lukas 3, 3-18.
«Bi soineko dituenak eman biezaio bat ez duenari, eta jatekorik duenak egin beza gauza bera». Elkartasuna (ala Justizia?): bakoitzak eduki dezan gutxienez bizirauteko behar duena, hobeto duintasunez bizi izateko behar duena.
Baina zein da gure beharren neurria? Zeinek eta nola guregan ezarri? Nola nik erantzun ezarritako neurri horri? Bi nire neurriz urri izaki, nola nik eman bat bakarra ez duenari? Nire eginbeharrari hartzeko neurri, galdetzen al diot ezelango Maisuri? Nori?
Herioa besterik ez dakarren Gogorkeria du izen? Gezurra ote? Ala ‘konformatuz’ naiz bizi kontent?
Pribatizazio sasoia bizi dugu, jabetza-gose, oro-gura zoro! Aste honetan entzun dudan azkena, ‘Mileiren Argentina’ko ministro baten hausnarketa: itsasoak duen kutsadura arazoa konpontzeko modurik eraginkorrena zera litzateke, itsaso osoa nolabait ataldu, sailetan zatitu eta saldu, hartara, salmentatik baliabide ekonomikoak eskuratzeaz gain, kutsadura arazoa konpontze-bidean jarriko genuke, izan ere, inork ez ei du nahi norberak erositako eta berea den itsas-zati zikinkutsatu bat, eta hortaz, itsas-sail jabe berri horrek ondo garbi zainduko luke bere itsas-atala, ‘partzelatxoa’, etaetekina atera, ekonomiaren onerako; horra gizateariaren salbazioa… eta oikos-arena (etxea, Lurra/itsasoa— eko)!
Ez da zilar (argentum) diz dagien oro, ez bada diabolo.
Washington estatua, Estatu Batuetako ipar-mendebalean, Duwamish herriak zuen bizileku; ‘Seattle Handia’ deituriko euren buruzagiak, 1855. urtean, Franklin Pierce, Estatu Batuetako hamalaugarren presidenteari idatzitako gutunaren haritik: lurrarekiko eta hurkoarekiko harremana ezin da jabetza pribatuan oinarritu, baizik eta komunitate-loturan eta elkarrekiko errespetuan (koinonian): “… eta maita ezazue, Jainkoak denok maite gaituen bezala”.
Nazareteko Jesuren espiritualtasunarekin betean egiten dute bat Joan Batatzaileari eta Seattle Handiari egotzitako hauek; Lukasen ebanjelioan bertan irakur 9, 10-16: “Eman zeuek jaten” (9,13a)
Berri Ona al da niretzat? Badator ordea!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments