HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 14
Menditik jaistean, galdetu zioten ikasleek Jesusi: «Nola diote lege-maisuek, lehenbizi Eliasek etorri behar duela?». Jesusek erantzun zien: «Bai, Eliasek etorri behar zuen eta gauza guztiak eraberritu. Baina hara zer diotsuedan: Elias etorria da, eta ez dute aintzat hartu, baizik eta nahi izan duten guztia egin diote. Era berean, Gizonaren Semeak ere oinazeak jasango ditu horiengandik». Orduan konturatu ziren Joan Bataiatzaileaz ari zitzaiela.
Mateo 17, 10-13.
Elias eta Joan Bataitzailea; aurretik ere, 11. ataelan, Jesuk egindako bien arteko parekatzea dugu, nolabaiteko identifikazioa. Haatik, juduek, nonbait, Eliasen zain daude oraindik, eta euren jai nagusi batzuen ospakizunetan, debozio handiz, komunitatea eta komunioa adierazten dituzten jakien mahaiaren bueltan, leku bat hutsik uzten dute, Elias iristeko zain, azken egun handia baino lehen, berradiskidetzearen profeta.
Badute orduan, bada, nolabait, kristauon lez, etortzekoa dena, haien itxaro-aldia, euren ad-ventum, abendualdia. Ez dago ad-venire gabe por-venire, ez dago adventum barik itxaropenik. Izan bedi betiere, bake, bizi-bete eta neba-ahizpatasun gero oparoa, herri eta pertsona guztientzat; osterantzean, ez letorke jainkozko espiritutik (ruah, shalom), herioa dakarren gezurti handiarengandik baizik (dia-bolos); bolo-bolo dabil Gazan, Libanon, Sirian… badabiltzala, frankotan, “nahi izan duten guztia egin”ez, oinazez.
Orduan, zer espero dezakegu?
“Goikoak (…)
bizi ziren poz-eztitan;
behekoak, berriz, fedezko
esperantza min-bizitan,
goratuko zituela
esanez halako alditan
eta maila narras hura
zuela goraraziko,
ez zuela inork ere
harrezkero gaitzetsiko;
zer denetan bidelagun
egin baitzen haiekiko,
eta haiengan murgilduz
beraiekin zen biziko;
Jainkoa gizaki egin
eta gizakia Jainko,
etxekotasun handitan
arituz elkarrekiko;
mahaikideak izanik
jan-edanen ariko,
mendearen mendetan bertan
bizilekua jarriko,
elkarrekin bildu arte
soinu eztitan betiko”
(San Joan Gurutzeko, IDAZLAN GUZTIAK. Itzultzailea Luis Baraiazarra. Karmel Argitalpenak 2021. 9- Erromantzeak, 4, 80. orr.)
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments