HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 12
Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Egiaz diotsuet: Ez da sortu amaren semerik Joan Bataiatzailea baino handiagorik. Hala ere, zeruetako erreinuan txikiena, hura baino handiago da. Joan Bataiatzailea agertu zen egunetatik gaurdaino, zeruetako erreinua indarrez hartzen da, eta indar egiten dutenek eskuratzen dute. Profeta guztien eta Moisesen agintzarien garaia Joan Bataiatzailearekin bukatu da. Joan hau da etortzekoa zen Elias, nahi baduzue onartu. Belarririk duenak entzun beza».
Mateo 11, 11-15.
Dirudienez, ikerlariak ez dira guztiz ados jartzen Nazareteko Jesuren eta Joan Bataiatzailaren arteko benetako harremanen inguruan, eta ezta Joanen jarraitzaileen eta Jesuren hasierako jarraitzaileen artean ere. Ematen du, ebanjelariak erabilitako tradizioak, aurreko guztiarekikin Joan alderatuz eta goratuz ere, aurreko guztiaren eta guztien gorena izanik ere, Nazareteko Jesuk iragarritako eta bere etorrerarekin batera Espirituaren indarrez gauzatuz doan erreinuko txikiena ere Joan baino handiagoa dela esanez, Jesuren erabateko berrikuntza eta nagusitasuna azpimarratu nahi duela.
Joan Bataiatzaileak: “Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza” (Mt 3,2); baldintza sine qua non bihozberritzea erreinuan izateko. Baina Erreinuak dena barnebildu eta gainditzen du, bekatuen barkamena barne; orduantxe, barkatzearen bidez sendaturik, hau da, integraturik, osoturik, agertu ahalko dugu, geure jokabideaz, bihotz berria (Mt 3,8). Joanek, bihozberritzearen beharraz, aszeta-bidea aukeratzen du.
Jainkoaren bihozberatasunari erne eta irekita egonik baino ezin gara ordea benetan bihozberritu, eta horri eskerrak, mugagabe pozik isuri, askatasunez eman (eta jaso), gozatu, eskerturik bizi, eskerrak eman eta salbatu, Jesu-bidea, Eguberria.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments