Trinitatearen misterioa (II)

2024 Abe 9

Trinitatearen misterioa, berez, berri ona da, kristau ikuspuntutik, giza bizitzaren berririk onena.

Giza historiaren esperientzian, kristau tradizioan, berri on betearen abiapuntua Nazareteko Jesus da. “Hau da sinesmenaren misterioa: hil eta biztu zarela Jauna. Zu berriz etorri arte, hau dugu hau berri ona” aitortzen dugu fedez eukaristia bakoitzean. Haren bizitzan, Jainko izendaezina, ahoskerarik gabeko hitz (soinu) sorrarazlea, “zu” bat da. Susmatzen dut Jesusek eta bere ikasleek euskaraz egin balute, euren arteko harremana “hika” izango zela. Jesusengan, Jainkoa harreman hurbila, konfiantza itzelezkoa, kutuna eta, aldi berean, sakona, errotikakoa da. Lagun hurbila eta ona benetan.

Aldi berean, Jesusengan errebelatzen den Jainkoak guztiz izendaezina izaten jarraitzen du; ez dago hitz egokirik, ezta irudirik edo sinbolorik ere. Jainkoari buruz esan genezakeen edozein deskribapenetan, beti handiago izango litzateke ezberdintasuna berdintasuna baino. Intuizio honetan bat datoz monoteismo guztiak, besteak beste, judaismoa eta islama. Lorratz horretatik, Jainkoa beti da aurpegirik gabeko “hura” bat, irudirik gabeko intuizio sakona. Kontuz ibili Jainkoaren izenean zerbait egitean!!!

Hortaz, kristau tradizioan, Jainkoa “zu” bat da eta aldi berean “hura” bat. Baina horrekin ez dago ondo borobilduta berri onaren mamia, Jainko Semearen eta Jainko Aitamaren arteko harremana izendatu behar baitugu; harreman hori, maitasunaren indar hori, Espiritua deitzen dugu kristau tradizioan eta, besteak beste, gizaki bakoitzaren baitako muinean bizi da, pertsona bakoitzaren benetako “ni”-a, nolabait esateko. Kristau Jainkoa “zu” bat da, “hura” bat da eta, aldi berean, pertsona bakoitza bere “sagrarioa” da.

Hirurak batera, hirurak bizipen sakonak, hirurak nahastu gabeak, hirurak banandu ezinak, hirurak harreman-iturri agortezinak.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude