HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 9

Aldi hartan, Jesus irakasten ari zen. Han zeuden eseriak Galileako eta Judeako auzo guztietatik eta Jerusalemdik etorritako fariseu eta lege-maisu batzuk. Eta Jaunaren indarrak gaixoak sendatzera eragiten zion. Hartan, etorri ziren gizon batzuk elbarri bat ohatilan zekartela eta barrura sartu nahi zuten, Jesusen aurrean ipintzeko. Baina jendetzagatik ez baitzuten aurkitzen nondik sartu, etxe gainera igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti eraitsi zuten erdira, Jesusen aurrera. Haien sinesmena ikusirik, Jesusek esan zuen: «Gizona, barkatuak dituzu bekatuak!».

Lege-maisu eta fariseuek zioten beren baitan: «Nor dugu biraoka ari den hau? Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak baizik?». Baina Jesusek, haien burutapenei antzemanik, esan zien: «Zer burutapen darabilzue zeuen baitan? Zer da errazago esaten: “Barkatuak dituzu bekatuak” ala “Jaiki eta zabiltza?”. Hara, bada, orain ikusiko duzue Gizonaren Semeak baduela lurrean bekatuak barkatzeko ahalmena. Eta esan zion elbarriari: “Zuri diotsut: Jaiki zaitez, hartu ohatila eta zoaz etxera”». Jaiki zen hura berehala denen aurrean, hartu zuen etzanik zegoen ohatila eta etxera joan zen, Jainkoa goretsiz. Guztiak harriturik gelditu ziren eta Jainkoa goresten zuten. Eta, beldurrez beterik, honela zioten: «Harritzekoak ikusi ditugu gaur».

Lukas 5, 17-26.

Jesu Kristo irakasten, baina irakatsiarekin batera ekiten, ortodoxia eta ortopraxia nahi bada, Jainkoaren ‘indarrak’ graziaz eraginda, ez modu prometeikoan: horra ortodoxiaren arragoa, gaixo eta baztertu aitortua barkatzearen bidez sendatu, hau da, integratu, osotu; horixe Jainkoaren Erreinuaren eraikuntza-lana, horrek berarekin daramatzan zama eta arriskuekin, baina baita arindu, konfiantza eta pozkidarekin ere.

Gure arrakalak, gure barruko gaitzak, Erreinuaren dynamis-ean bizi ibiltzea eragozten diguten eta geldiarazi egiten gaituzten gure elbarritasunak, ‘erdira, Jesuren aurrera’ jaitsi egiteko eta ipintzeko adorea eta fedea al ditugu? Goretsitako nire ‘nia’, goi-sabai gogor eta zurrunetik apaltzeko eta barkatua izan ahal izateko irekitasun, zintzotasun eta sinesmen edo konfiantza nahikoa al dut? Nire hauskortasuna eta zaurgarritasuna aitortzeko? Besteenak bihotz-zabaltasunez on hartzeko? Orduan baino  ezingo gara benetan ‘jaiki’, eta Jainkoaren ‘etxera’ joan, bidean espirituaren laguntzaz eraiki egiten dugun bitartean, ‘denen aurrean’, ‘Jainkoa goretsiz’.

Harritzekoa benetan sarri zer harri dugun bihotza, gurekiko ere hil-harri. Jesuren txera bihozbera dugu senda- eta bizigarri.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude