HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 7

Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo zebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Jendetza ikustean, erruki izan zuen, nekatua eta lur joa baitzegoen jende hura, artzainik gabeko ardiak bezala. Orduan, ikasleei esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara». Eta hamabi ikasleei dei egin eta ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko. Hamabi horiek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez: «Zoazte galduak dabiltzan Israel herriko ardietara. Eta bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu lepradunak, bota deabruak; hutsean hartu duzue, eman hutsean».

Mateo 9, 35 – 10, 1. 5a. 6-8.

Duela gutxi irakurri nuen frantziskotarren eliza batean: “Iragarri ebanjelio une oro eta, behar izanez gero, erabil itzazu hitzak ere”; zer nolako garrantzia duen kristau bizitzak lagun hurkoa ebanjelizatzeko, hitzak ez dira nahikoa. Eta horretan guztioi dagokigu gure hazia jartzea, ez apaizei edo erlijiosoei bakarrik.

Eta hau ulertzea asko kostatzen zaigu guztioi; nola ulertu Jaunaren misioa guztion misioa dela, eta denok daukagula zer egina. Apaizen zai geratzen bagara, geldirik, modu pasiboan, elkarteak ezin izango du aurrera egin; apaizen faltari botako diogu errua, baino agian geure jarraitzaile izateari, konpromisoari begiratu behar genioke.

Aldiz, apaizak berari bakarrik dagokiola pentsatzen badu, ez bada elkartearekin elkar-lanean aritzen, elkarteak arazoak izango ditu kristau bezala hazteko.

Apaizak, erlijiosoak, laikoak… denok jaso dugu Jainkoaren misioa, besteentzat Bizi izateko misioa. Ez dezagula guk inor kanpoan utzi… Jainkoak denok nahi ditu berarekin.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude