HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 4
Aldi hartan, Galileako itsasbazterrera joan zen Jesus; mendira igo eta han eseri zen. Jende asko hurbildu zitzaion, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko eramanez; oinetan jartzen zizkioten, eta hark sendatu egiten zituen. Jendea harritua gelditu zen ikusten zuenaz: mutuak hizketan, besamotzak sendatuak, herrenak ibiltzen eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziren. Jesusek ikasleei dei egin eta esan zien: «Erruki dut jende hau; badarama hiru egun nirekin eta ez du jatekorik. Ez ditut baraurik bidali nahi, bidean akitu ez daitezen». Ikasleek esan zioten: «Nondik atera guk basamortu honetan horrenbeste jende asetzeko lain ogi?». Jesusek esan zien: «Zenbat ogi duzue?». Haiek erantzun: «Zazpi, eta arraintxo bakar batzuk». Lurrean esertzeko agindu zion jendeari; gero, hartu zituen zazpi ogiak eta arrainak eta, esker-otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari. Denek jan zuten ase arte, eta gelditutako hondarrekin zazpi saski bete bildu zituzten.
Mateo 15, 29-37.
Jende asko hurbiltzen zitzaion Jesusi; beharra zuten, gaixoak ziren, iluntasuna zen nagusi beraien bizitzetan, eta argiaren bila zebiltzan. Sendatu zituen bai, baina oraindik beharrean zeuden; hiru egun Jesusekin, eta jatekorik ez… Hiru egun, heriotzatik piztuerara doazen hiru egunak, bihotz berritzeak behar dituen egunak, eta Jesus errukitu zen. Nola eman asetuko duen ogia…
Ikasleak ere kezkatuak daude, basamortuan daude, ez dute jendea asetuko duen ogirik… horrelakoak izaten dira gure basamortuak, eguzkiak gure ikusmena itxutu egiten du, eta dirudi ez dagoela inolako bizirik…
Jesusek ezagutzen ditu gure beharrak, berak du, Bera da, gu asetuko gaituen ogia.
Esker-oneko otoitzarekin hasten da; egia da, gauzak beti ez doaz guk nahi bezala. Agian ez gara konturatzen, baina basamortuan ere eskerrak emateko desioa sortzen zaio Jesusi, beti dago eskerrak emateko arrazoia.
Esker-oneko bihotzak, elkar banatzeak, bizia sortzen du itxuraz ezer ez dagoen lekuan. Hauxe dugu gaurko eskaria; zenbaitetan, iluntasunean bagabiltza ere, esker-oneko bihotzak, elkar banatzeko nahiak, argi ditzala gure bideak. Jainkoak ez da urruti ibiliko…
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments