HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 3

Aldi hartan, Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik, esan zuen: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak baizik». Eta ikasleengana itzulirik, esan zien haiei bakarrik: «Zorionekoak, zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak. Hara zer diotsuedan: profeta eta errege askok ikusi nahi izan zuen zuek ikusten duzuena, baina ez zuen ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuen entzun».

Lukas 10, 21-24.

Zerbait jakin nahi dugunean hor ibiltzen gara, adituen atzetik, zer ote dioten jakin nahirik. Zenbat aldiz entzun eta esan dut nik ere Elizak badituela doktoreak; ea beraiek argitzen duten hainbat alditan ilun gertatzen zaizkigun bideak eta esplikazioak.

Eta horretan pasatzen dugu denbora, nora begiraturik asmatzen ez dugula. Jainkoak, aldiz, norabidea markatzen du: ez jakintsuak eta burutsuak, bai berriz xumeak.

Irakurtzen dugu, entzuten dute, baina aldatzen al dugu gure begirada?

Jainkoaren bideak, Jesusek adierazten dituen bideak diote: adi egon, ireki begiak, baita belarriak ere… Jauna gure inguruan dabil. Ez dezatela gutaz ere berdina esan; hau da, guk ere ez dugula ez ikusi, ez entzun.

Eta begiratu gure inguruan bizitza non hasten den, non dagoen: txikitasunean, apaltasunean, xumetasunean… bihotzak ez du besterik behar (ez da gutxi), maitasunean aditua izateko.

Jaso dezagun bada xume izateko deia, gonbidapena, eta adi egon, Jainkoa han eta hemen gure bideetara ateratzen da eta. Gaurko pasarteak dioen bezala, horretan bide-lagun dugu Espiritua, gugan dagoen Espiritua.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude