HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 2

Aldi hartan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zelarik, erromatar ehuntari bat etorri zitzaion, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan zion: «Joan eta sendatuko dut». Baina ehuntariak erantzun zion: «Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hori entzunik, harritu egin zen Jesus eta ondoren zetozkionei esan zien: «Egia esan, Israelen ez dut inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau diotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian eseriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobekin».

Mateo 8, 5-11.

Fedea da bidea… eta nolakoa da nire fedea?

Galdera honek ez du gogoeta handirik eskatzen; hau da, fedea ez da arazo intelektuala. Fedeak bizitzari deitzen dio, gure eguneroko bizitzari, eta ikusten da, edo ez.

Ehuntariak ez du bere fedeari buruz hitz egiten Jesusekin, ez da beharrezkoa, ez du konbentzitu behar; duena azaltzen dio. Zintzotasunez, konfiantza osoz, bere bizitzarekin azaltzen du zer den fedea: bizitza beste pertsona baten eskuetan uztea.

Eta hau, duela gutxi entzun nuen, arriskutsua dirudi, nire bizitza beste baten eskuetan…

Pertsona bat izan daiteke, baina gure sinisteak haratago ere joan daitezke: filosofia, ideologia, teknologia, zientzia, baloreak…

Eta zuk, zertan sinesten duzu? Prest al zaude, sinesteak bultzatuta, zure bizitza beste eskuetan jartzeko? Nazareteko Jesusengan jartzeko?

Erantzun diezaiogun galderari bizitzarekin, ez pentsamenduarekin edo ideiekin, eta ausartu gaitezen arriskutsua badirudi ere, zintzotasunez eta konfiantza osoz erantzuten.

Jainkoa prest dugu… gure erantzunaren zain dago…

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude