HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 28
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Jerusalem gudarostez inguratua ikustean, jakizue gainean duela bere hondamendia. Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenek alde egin bezate, eta soroan direnak ez bitez hirian sartu. Zigor-egunak izango dira, orduan beteko baita Liburu Santuan idatzirik dagoen guztia. Dohakabeak egun haietan haurdun direnak edota bularreko haurrak dituztenak! Estualdi handia izango baita lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat. Ezpatapean eroriko dira eta nazio guztietara eramango dituzte gatibu; jentilek zapalduko dute Jerusalem, nazioentzat Jainkoak erabakitako epea erabat bete arte. Seinaleak izango dira eguzkian, ilargian eta izarretan, eta estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren orroaz eta olatuen indarrez aztoraturik. Arnasarik gabe geldituko da jendea, munduari gainera datorkionaren beldurrez, ortzia ere dardaratuko baita. Orduan, Gizonaren Semea indartsu eta aintza handiz hodeian etortzen ikusiko dute. Hori guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta jaso burua, hurbiltzen ari baita zuen askapena».
Lukas 21, 20-28.
Gaur ere, aurreko egunetan bezala, Jesusek hitz gogorrak darabiltza eta sufrimendu handiak iragartzen ditu. Kalte eta min horren guztiaren artean Gizonaren Semea agertuko da gu askatzera. Hortaz, gaurko mezua itxaropen mezua da. Bizitzan jasan ditzakegun gaitzetan ez gaitu bakarrik utziko. Batzuetan gauzak oso gaizki doazela edo zentzugabeko minak sufritzen ditugula pentsa dezakegu, eta egia izan daiteke; baina Jainkoa aldamenean izango dugu ardura gurekin partekatzen eta gure pausoak bide hobeetara zuzendu nahian. Hori bai, guk, geure aldetik, bihotz izan eta burua jaso behar dugu, Haren presentziari ireki, eta inoiz ez pentsatu dena erraza eta oztoporik gabea izango denik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Jesus, egunerokoa zaila dela sentitzen dudanean, irekidazu begiak eta laztandu