HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 27
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Eskua erantsiko dizuete eta erasoko, sinagogetara eta kartzeletara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko nigatik. Aitormen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak. Hartu gogoan ez duzuela zeuen burua nola defendatuko kezkatan ibili beharrik; Nik adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre egiterik edo erantzuterik izango. Zeuen gurasoek eta senideek berek, ahaideek eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko; guztiek gorroto izango dizuete nigatik; baina ez duzue buruko ile bat ere galduko. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia».
Lukas 21, 12-19.
Kristaua, bere fedearen ondorioz, munduarekin talka egitera deitua dago. Nahiz eta ez bilatu, koherentea izanez gero, munduarekin kontraesanean sartuko da. Lurreko dinamikekin eroso sentitzen den kristauak azterketa egin beharra du, bere bizimoduaren seinale txarra izan baitaiteke. Hala ere, horrek ez du esan nahi talka oro fedearen ondorio denik, batzuetan burugogorkeria hutsa izan daiteke arrazoia, edo ideologia propioaren arabera jokatu izana. Edonola ere, fedearengatik sufritzen dugunak ez gaitu beldurtu behar, Jesusek gure ondoan egongo dela agindu baitigu. Hizlari onak edo pertsona argienak ez izan arren, Jesus hor izango dugu behar dugun indarra ematen. Geure burua Jainkoaren eskuetan utzirik ez dugu inolako kezkarik izan behar. Azken hitza beti Harena izango da eta ez da ahaztuko Berari beti leial izan zaizkionez.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments