HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 26
Aldi hartan, tenpluari buruz ari ziren batzuk, harri ederrez eta emaitzez apaindua zegoela aipatuz. Orduan, Jesusek esan zien: «Etorriko da, hor ikusten dituzuen horietatik guztietatik harririk harri gainean geldituko ez den garaia: dena suntsituko dute». Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori? Eta zertan antzemango diogu gertatzera doala?». Jesusek erantzun zien: «Kontuz, ez zaitzatela inork engaina! Asko etorriko dira nire izenean, “ni naiz Mesias” edo “gainean da garaia” esanez. Ez joan horrelakoen atzetik. Gerra- eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu, lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena». Esan zien, gainera: «Nazioa nazioaren aurka eta erreinua erreinuaren aurka altxatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurriteak eta goseteak han eta hemen. Gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta seinale handiak agertuko zeruan».
Lukas 21, 5-11.
Jesusek hitz gogorrak erabiltzen ditu pasarte honetan, eta izugarrizko pairamenak iragartzen ditu: suntsipena, gerra, iraultza, gosetea, izurritea… Pasartearen gakoa gure inguruko gauza guztien iragankortasunean dago. Ezin dugu gure konfiantza gauza materialetan (tenplua) edo mesias faltsuetan jarri. Denborak denak eramango ditu aurretik, iragan beharrekoak baitira. Azkenean Jesus bakarrik egongo da, Jainkoa bakar-bakarrik. Uste osoa Berarengan jarririk, ez dugu inolako beldurrik izan behar. Hau ez da une latzetarako aholku hutsa, bizitzeko modu baterako gonbidapena baizik. Gizakia deitua dago bere bizitzaren ardatza Jainkoarengan eta Harekin duen harremanean jartzera, eta hori eginez gero, inguruan gertatzen den guztiak garrantzia galtzen du.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments