Kristauontzat, azaroaren lehen eguna Domu Santu da eta bigarrena Arimen Eguna. Arimen inguruan mito eta esaunda ugari sortu dira, mundutik zerurako bidea aipatzerakoan. Heriotzaren azalpena, mito, historia eta zientziaren esku egon da. Gizakia beti ahalegindu da heriotzaren zergatia aurkitzen eta zientziak argitu arte, mito edo esaunda etiologikoak sortu izan ditu. Euretariko bat, BEGIZKOArena dugu. Lehenago, besteak beste, haur asko hiltzen ziren eta jazoera horren errua, norbaiten inbidia edo gaiztakeriak eragindako begizkoari botaten zitzaion. Askok sinistu arren, siniskera hutsa zen, zientziaz kanpokoa. Siniskera hori, Babilonian, Asirian, Sumerian eta Euskal Herrian ere izan dugu ia gaur arte.Baina, nortzuk botaten zuten begizkoa? Ba, dirudienez eta herrian kontatzen denez, sorginek, aztiek edo deabruaren menpe zeuden pertsonek. Pertsonen ezbeharrak, gaitzak eta batez ere gaztetxuen heriotzak, begizkoaren erruz gertatzen omen ziren. Horregaitik, begizkoaren bildur zirenak, batez ere haurdun zeuden emakumeak, kontu handiz ibiltzen ziren inor iraindu edo haserre bidean jarri gabe. Gainera, defentsa bezala, kutunak zintzilikatzen zituzten samatik, badaezpada. Begizkoa, zientziaz kanpo egon arren, sorgin-erritualak ere egiten ziren, beruna urtu, uretan sartu, eta figurak interpretatuz begizkoaren erruduna aurkitzeko. Siniskerak siniskera, gaur egun zientziak argitu digu buruhauste hori. Eskerrak!
0 Comments