Sebastian Gartziak oso testu iradokitzailea eskaini digu Trinitateari buruz. Merezi du irakurtzea eta iruzkintzea. Hari askoko testu mamitsua da, laburra izan arren.
Hitz batek eman dit atentzioa lehenengo irakurketatik bertatik: misterioa. Hain zuzen ere, izenburuan bertan agertzen da (nolabait jenialtasunarekin kontrajarrita) eta testuan zehar hainbat aldiz errepikatzen da (izenburuaz aparte, 14 aldiz). “Misterio” hitzak orain arte erantzunik gabeko galdera edo arazo baten traza du, normalean; ildo horretatik, ezin dugu erantzun borobila eman gure adimena eskasa delako; beharbada, noizbait jeinu bat sortuko da eta erantzun asegarria emateko gai izango da.
Antzinako kristau tradizioan, “misterio” hitzak beste esanahi bat du. Misterioa ez da ezkutatzen dena, aho bete hortz izaterainoko harridura sortzen duena baizik; horrela, misterioa esperimentatzen duena guztiz harrapatua, zorabiatua, maitemindua, liluratua… geratzen da; nolabait, ez dauka hitzik esperimentatzen duena adierazteko. San Pauloren idazkietan, “misterio” hitza Jainkoaren gogo eta ekintza salbatzailea da (Ef 1, 9; 3, 5-6; 6, 19; Kol 1, 26ss; 2, 2…), beti harritzen gaituen Jainkoaren komunikazioa. Hori da, hain zuzen ere, Sebastianen testuaren azken paragrafoan agertzen dena: “(…) Jainko-misterioa betikoa da, gaindiezina, atsegingarria eta humanizatzailea, gizakioi gure benetako neurria azaltzen diguna”.
Hirutasunaren azalpena giza kultura baten moldean adierazteko modua da; baina adierazi nahi den edukia ez da espekulazio abstraktu bat, kristautasunaren muinean dagoen esperientzia fundatzaile sakona baizik: kristau identitatea, hain zuzen. Berez, esperientzia horrek gainezka egiten du gizakiaren bizitzan eta, neurri batean, izendaezina gertatzen zaio kristau sinestunari. Horren bizipena izan gabe, molde kulturaletako azalpen logiko filosofikoa ematen saiatzea, intxaurraren mamia zaborretara bota ahala, oskola murtxikatzea bezalakoa da.
Baina, zehatzago, Hirutasunaren formulazioa zer esperientziari lotzen zaio?
Hurrengorako.
0 Comments