HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 17
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egun haietan, larrialdi handiaren ondoren, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik emango, izarrak zerutik amiltzen hasiko dira eta ortziak dar-dar egingo du. Orduan, Gizonaren Semea ikusiko dute hodei artean ahalmenez eta aintzaz beterik etortzen; aingeruak bidaliko ditu eta bere aukeratuak bilduko lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino. Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela. Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela, ateetan, Gizonaren Semea. Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza hauek guztiak. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko. Zein egun eta ordutan gertatuko den, ordea, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik».
Markos 13, 24-32.
Santuek Jaunaren presentzia biziki itxaron zuten, baina promesa hori ez zuten gauzatuta ezagutu. Etsipenik gabe onartzen zuten -eta ulertu- horretarako oraindik asko falta zela. Gaur egun guk ere irrika hori ez dela betetzen sentitzen dugu. Nahiz eta Abendualdian “Zatoz Jauna” kantatu, amets hori urtean zehar lortu gabe geratzen dela baieztatzen da.
Testuak dio ahalmen handiz etorriko dela. Modu apokaliptikoan? Orain arte, ordea, giro apal, ahul eta isilean somatzen dugu zenbait egoera eta bizipenetan. Botererik gabe. Gainera historian gaizkia behin eta berriro azaltzen da, leku eta pertsona desberdinetan. Beraz, aingeruak bidaliko ditu aurretik? Eta zertara etorriko da? Geuk behar dugunera?
Adi egoteko eskatzen zaigu eta gure fedean zeregin hori txertatu behar dugula. Baliteke espero ez genituen bizipenetan Bera hurbiltzea. Nola antzeman daiteke badatorrela? Ba, ezintasunez gain, beste balio zabalagoetan. Hartutako neke eta saioak nolabaiteko onarpen batean borobilduak geratzen ari direla. Noiz horrela? “Inork ez daki”. Baina denboraren mugimendua hortik doa…
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments