HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 16
Aldi hartan, etengabe egin behar zutela otoitz eta ez zutela etsi behar adierazteko, Jesusek parabola hau esan zien: «Bazen hiri batean epaile bat, ez Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona. Bazen hiri berean emakume alargun bat ere. Hau epaile harengana joaten zen, eskatzera: “Egidazu justizia aurkariarekiko auzian”. Luzaroan epaileak ez zion kasurik egin nahi izan, baina azkenean bere baitan esan zuen: “Ez diot Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri zaidanez, egingo diot justizia, behingoz bakean utz nazan”». Eta honela bukatu zuen Jaunak: «Begira zer dioen epaile zuzengabeak. Eta Jainkoak, ez ote die justizia egingo, gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain edukiko ote ditu luzaroan? Justizia berehala egingo diela diotsuet. Baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ote du sinesmenik munduan?».
Lukas 18, 1-18.
Otoitzean aritzeak berekin du behingoz uzteko tentaldia, maiz sentitzen baita ez duela emaitza ikusgarririk ematen. Hori argitu nahian, eta gutxitan bezala, parabolaren aurretik ikasleei kontakizunaren esanahia argitzen die Jesusek, otoitzean ez etsitzeko eskatuz.
Kristau bezala iraunkorki jarraitzean ez da hainbeste sentitzen amore emateko gogoa. Otoitzari heltzeak borondate irmoagoa eskatzen du. Jarrera sendo horri gaur egun “erresilientzia” deitzen zaio eta osasun mentalerako onuragarritzat ematen da. Zergatik? Ba, pazientziak datozkigun zailtasunak gainditzeko konfidantza sendotzen duelako.
Gaurko kristau bizitzan eta arlo espiritualean gertatzen denaren argigarritzat har genezake parabolan alargunari gertatu zitzaiona: badirudi Kristok munduan bakarrik utzi gaituela eta denetariko oztopoei geuk aurre egin behar diegula. Gainera, babes-egoera gutxian. Zein irtenbide hartu?
Alargunak beragan zuen jarria konfidantza, bere asmoan atzera ez egiteko. Fedearen bideetan harago jartzen da konfidantza, nahiz eta batzuetan espero dena atzendu. Horrek Jainkoagana zuzentzea eramaten gaitu, ez gure norbanakora. Bitartean desiratua lortu ala ez, geure izaera orekatuta bezain aberastua sumatuko dugu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments