HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 15

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen garaian ere: jan-edanean zebilen jendea eta ezkondu egiten ziren gizon-emakumeak, Noe ontzian sartu zen eguna arte; baina etorri zen uholdea eta denak galdu zituen. Gauza bera gertatu zen Loten garaian ere: jan eta edan, erosi eta saldu, landatu eta eraiki egiten zuen jendeak; baina, Lot Sodomatik atera zen egunean, su eta sufrezko euria egin zuen zerutik eta denak galdu zituen. Hala gertatuko da Gizonaren Semea agertuko den egunean ere. Egun hartan, etxe gainean egon eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jaitsi; eta, era berean, soroan dena ez bedi atzera itzuli. Oroitu Loten emazteaz. Bere bizia beretzat gorde nahi duenak galdu egingo du; galtzen duenak, berriz, onik aterako du. Nik diotsuet: gau hartan bi lagun egongo dira ohe berean: bata hartuko dute eta bestea utzi; bi emakume ariko dira batera ehotzen: bata hartuko dute eta bestea utzi». Ikasleek galdetu zioten: «Non izango da hori, Jauna?». Jesusek erantzun zien: «Sarraskia non, han bilduko dira putreak».

Lukas 17, 26-37.

Antzinako historian gertakari latz batzuk bat-batean gertatu omen ziren. Ezaguna da Lot-en emaztea atzera begira geratu izana. Zergatik? Aurrera egiteak ziurtasunik ematen ez zioenez ez zuen arriskatu nahi. Baita gatz-harri tinko eginda geratu ere…

Era berdintsuan etorriko ote da Jainkoaren Semea? Hau da, tximista indartsu bezala jauzita? Jesusek dio kristotasuna apurka etortzen ari dela. Eta jainkotasuna gure artean sakon eta ikusiezin dagoela. Baina senti genezakela helduko dela garaia non gero eta zabalduago sumatua izango den.

Apustua den eran, sinesmenak ziurgabetasunean uzten gaitu. Ez, ordea, geldirik. Aurrera ekin beharra dago, zalantzak eta guzti. Hortik etorriko zaigu beste bizitasun bat, txikia eta apala; emankorra.

“Non” da ikasleak aurreratzen dioten galdera. Jesusek ez die erantzun zehatzik ematen. Historiak bere bidea egin dezan nahi ote du? Ematen dien pista bakarra da askok espero ez zuten gunetan jainkotasuna aurkituko dutela. Ez bakarrik etorkizunean, baita orain ere.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude