HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 14
Aldi hartan, Jainkoaren erreinua noiz iritsiko zen galdetu zioten fariseuek Jesusi. Honek erantzun zien: «Jainkoaren erreinua ez da nabarmen etorriko. Ezin esango da: “Hona hemen” edota “hara han”; zeren Jainkoaren erreinua zuen artean baitago jadanik». Gero, ikasleei esan zien: «Iritsiko da garaia, Gizonaren Semea etorri osteko egun bat bederen ikusi nahi izango duzuena, eta ezin izango duzue ikusi. Orduan, “hona hemen”, “hara han” esango dizuete. Baina zuek ez joan, ez atera atzetik lasterka. Izan ere, tximistak une batean zeru-alde batetik besteraino argi egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semea etorriko den egunean. Baina aurretik asko sufritu behar du, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo du».
Lukas 17, 20-25.
Oraingoan farisearrak dira Jesus eztabaidara eraman nahi dutenak. Beraien artean denak ez ziren joera berdinekoak. Batzuk era tranpatian luzatuko zioten galdera, eta beste batzuk modu onean Mesiasen etorrera desiratzen zutelako. Bazeuden Jesus errefusatzen zutenak, Kristo izatea ezinekotzat hartzen zutelako. Eta arrazoi nahasiekin “harrapatu” nahi dute, hitz-jarioan trabatuz.
Farisearrentzat akuilu sarkorra zen Jesusen jarduera aske eta askatzailea. Horregatik Mesiasen etorrera noiz eta nola gertatuko den galdetzen diote, beraientzat gertaera ikusgarri eta trinkoa izango zen, ageri-agerikoa eta ukaezina. Ez zuten garapen bidezko etorrerarik espero. Are gutxiago agerikotasunik gabekoa. Onartzen zuten, ordea, bat-batean etor zitekeela, aurretiko zantzurik gabe.
Jesusen erantzunean argi geratzen da Erreinua Historiaren barnean garatzen doala, pertsonengan eta gizartearen gorabehera eta kontraesanetan. Atzera-aurrera eta era dialektikoan? Horrek adi egotea eskatzen du: Jainkoagandik espero diren berriztatze eta hobekuntzak nola doazen mamitzen.
Guri kosta egiten zaigu egunerokoan Erreinua hazten eta sakontzen doala onartzea. Gainera “jadanik zuen artean dagoela”…
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments