HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 13
Aldi hartan, Jesus Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean barna zihoan. Herrixka batean sartzean, hamar legenardun atera zitzaizkion bidera. Urruti gelditurik, deiadarka esan zioten: «Jesus, Maisu, erruki zakizkigu!». Jesusek, ikustean, esan zien: «Joan eta azaldu apaizengana». Bidean zihoazela, garbi gelditu ziren. Haietako bat, sendatua zegoela oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz itzuli eta Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez. Samariarra zen bera. Jesusek esan zuen: «Ez al dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?». Gero, esan zion: «Jaiki eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».
Lukas 17, 11-19.
Pasarteko legenardun batzuk judutarrak eta besteak samariarrak ziren. Nahiz tradizio desberdineko izan, beharragatik elkartuak zeuden. Aldenduta iraun behar zutenez, euren artean bildu behar. Urruntasunetik Jesusi ahots altuan laguntza eskatzen diote. Ohikoa omen da lepradunen artean ahotsa marrantatua eta oihartzun gutxikoa izatea. Izenez eta Maisu gisa deitzen diote Jesusi. Nolako maisua? Ez hizlaria baizik sendatzera jarria dagoena; behartsuak doan eta gupida onean hartzen dituena.
Nahiz dena galduta zuten, itxaropenari heltzen diote. Eta Jesusek entzun orduko “begiratu” egiten ditu, euren egoeraren kontu hartzeko. Eta haiek bere aurpegia ikus dezatela nahi du. Errukia eta laguntza asmoa gehiago nabaritzen baita aurpegiko itxuran, hitzetan baino.
Hitz labur eta neurtuetan Tenpluko apaizengana joatea eskatzen die. Ez da euren gaixotasunaz alboratu nahi zuela, baizik egin zezatela bidea sendatuak izango zirenaren itxaropena landuz. Nola aurkeztuko ziren zeramaten gaixotasun harekin…!
Guri ere zailtasunetan molda gaitezela eskatzen digu, berak atzera egingo balu bezala. Lepradunak bidean bakarrik zihoazela sendatu ziren!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments