HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 12
Aldi hartan, Jaunak esan zien apostoluei: «Emazue, zuetako batek morroia duela soro-lanean edota artzaintzan. Morroia etxeratzean, “hator berehala mahaira” esango ote dio? Ez ote dio beste hau esango: “Presta iezadak afaria, jantzi aurreko mantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko duk heuk?”. Morroiari esker ona zor ote dio, agindua bete duelako? Zuek ere gauza bera: agindutako guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizajoak gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin”».
Lukas 17, 7-10.
Zergatik egiten ote zien hain zuzenki aurre Jesusek farisearrei? Eta zergatik behin eta gehiagotan zirikatu? Ez zen soilik “egiaren irabazle” sentitzen zirelako eta horretaz harro eta ziur egoteagatik. Noski, “nagusitasun trinko” batean iltzatuta zeuden, euren meritua ukaezin gisa bereganatua zitzaien eta beste guztiak behe-mailan utziak zituzten.
Itxuraz beste alde kontrajarrian, Jesusek ikasleei iradokitzen die ekarpen onak eman ahal izango dituztela, baina ez daitezela horregatik harro sentitu. Fedearen garapena soilik zerbitzari gisa jardutetik etorriko zaielako. Eta bizitza-bideak zalantzak onartu eta ziurtasun-gabezian irautea eskatuko diela.
Ikasleak farisearrak baino hobeagoak ote ziren? Jesusek ez zituen bi bando bereizi nahi, farisearrei uko egin eta bere jarraitzaileak babestuz. Ohartarazi nahi du denok farisear joerako tentaldian tronpatu gaitezkela, egiari muga ezagunak jarriz. Ikasleei irakatsi nahi die ez daitezela ulertu dituzten ezaugarrietan geratu.
Giza historian gertakizun oro desberdina eta errepikaezina suertatzen den bezala, pertsona bakoitzaren bizi-ibilerak ez du pareko berdinik. Antzera, fede-bideak ere zabaltasuna eskatzen du.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments