HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 10

Aldi hartan, Jesusek, bere irakastaldian, esan zion jendeari: «Zabiltzate kontuz lege-maisuekin! Gogoko dute harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jendearen agurrak hartzea; gogoko dituzte sinagogetan aurreneko aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak. Eta, azkengabeko otoitzen aitzakiaz, alargunen ondasunak irensten dituzte. Horrelakoek epairik zorrotzena izango dute». Jesus tenpluko diru-kutxaren aurrean eseria zegoen, jendeak kutxara dirua nola botatzen zuen begira. Aberats askok ugari ematen zuen. Etorri zen emakume alargun behartsu bat ere, eta bi txanpon bota zituen, huskeria bat. Jesusek, ikasleei dei egin eta esan zien: «Benetan diotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du kutxara. Izan ere, beste guztiek sobera dutenetik eman dute; honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du».

Markos 12, 38-44.

Oso erosoa izango litzateke, Jainkoak, bere proiektuan laguntzeko, arau finkoak emango balizkigu, nolabaiteko errezeta bat, hain zuzen ere: Hainbat diru behartsuei, hainbat meza astean eta hainbat denbora egunero  gainerakoei laguntzen. Nahastu ondo, utzi berotzen otoitzean eta kito; proiektuko zure zeregina bete duzu eta joan zaitezke nahi duzuna egitera.

Baina Jainkoak ez du horrela jokatzen. Berak gutako bakoitzari gauza desberdinak eskatzen dizkigu, norberaren egoeraren arabera. Jainkoak bizi garen egoeran bere proiektuan parte hartzea eskatuko digu eta ez du pentsatuko asko daukanak, asko ematen duenez, meritu handiagoa duela, edo Elizako gauzetan denbora asko eman behar dugula, denbora librerik ez badaukagu behintzat.

Nola jakin, orduan, zer egin behar den? Erantzuna desberdina da kasu bakoitzean, baina irizpide nagusia pasarteko azken esaldian dugu: “bizitzeko behar zuena eman du”. Jainkoak ez digu eskatzen asko ala gutxi ematea edo egitea, modu jakin batean bizitzea baizik. Eska diezaiogun argia, bidea ikusteko, eta indarra, bertan ibiltzeko.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Eskerrik asko Jesús, gogoarateko beti gehiago eman dezakedala, eta pertsona zintsoagoa izan, argitu nire bizitzan Nitaz espero duzuna ulertzeko

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude