HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 9
Aldi hartan, hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jesus Jerusalemera igo zen. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituen, eta diru-trukatzaileak han eserita. Jesusek, lokarriz zartailua eginik, bota egin zituen denak tenplutik, baita ardiak eta idiak ere, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli zituen. Uso-saltzaileei esan zien: «Ken horiek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzirik dagoenaz gogoratu ziren: «Zure tenpluaren maiteminak sutu nau». Orduan juduek galdetu zioten: «Zer ezaugarri ematen diguzu hori egiteko?». Jesusek erantzun zien: «Desegin ezazue tenplu hau, eta hiru egunean jasoko dut». Juduek erantzun zioten: «Berrogeita sei urte behar izan ziren tenplu hau eraikitzeko, eta Zuk hiru egunean jasoko duzula?». Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. Hilen artetik berpiztu zenean, gogoratu ziren ikasleak esandako honetaz, eta sinetsi zuten Liburu Santuetan eta Jesusek esandako hitzean.
Joan 2, 13-22.
Arraro samarra egiten bazaigu ere, Jesusek tenpluan aurkitu zuena —saltzaileak eta diru trukatzaileak nonahi— Jainkoa gurtzeko sistema zen, sakrifizioak eskaini eta limosna egiteko bitartekoak, hain suertez. Eta Jesusek, aldiz, guztia desegin zien, jende hura, Jainkoaren aitzakian, bere interesak defenditzen ari baitzen soilik.
Ez zaigu guri ere batzuetan halakorik gertatzen? Ez ditugu nahasten Jainkoaren proiektua eta gure interesak, Jainkoak eskatzen duena —“errukia nahi dut, eta ez sakrifizioak”— eta guri zentzuzkoa iruditzen zaiguna? Pentsatu beharko genuke, agian, tenpluko saltzaile haiek ere gauza on batean laguntzen ari zirela uste baitzuten, bide zuzenean zebiltzala, alegia.
Nola jakin, orduan, zer aukeratu behar dugun? Zein irizpide erabil dezakegu , defenditzen ari garena Jainkoaren proiektua den ala gure interesak diren erabakitzeko? Erantzuna erraza da, eta aldi berean zaila: Jesus. Irizpide bakarra Jesus da. Eta bide bakarra, Jesusek gure lekuan egingo lukeena egitea. Ez digute erabakitzeko lana kenduko; baina horrela saiatzea baino gehiago ere ez zaigu eskatuko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments