HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 8

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten. Deitu eta esan zion: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta”. Etxezainak, orduan, hau zioen bere baitan: “Zer egin behar dut nik orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. Badakit zer egin, kargutik botatzen nautelarik etxean nork hartu izan dezadan”. Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitu eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?”. Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak, orduan: “Hona zeure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”. Gero, hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?”. Hark erantzun: “Ehun anega gari”. Etxezainak, orduan: “Hona zeure ordain-agiria; idatzi laurogei”. Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhur jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino».

Lukas 16, 1-8.

Jainkoak bere proiektua gure eskuetan utzi du. Beste mundu bat nahi du: justizia, bakea, guztien duintasuna, maitasuna… Baina hori guztia gauzatzeko gu behar gaitu; ez du ezer egin nahi, guk egiten ez badugu. Bere etxearen administrari izendatu gaitu, nonbait.

Zer esan nahi du horrek? Edozer egin dezakegula? Jainkoak guretzat duen proiektua alferrik galdu ahal dugula? Ez bada! Jesusek gaur esan digunaren arabera, Jainkoak gure esku utzi duenaren kontua eskatuko digu eta, bere ondasunak —justizia, bakea, guztien duintasuna, maitasuna…— alferrik galdu baditugu, proiektutik kanpora geratuko gara.

Beti ematen digu, hori bai, atzera egiteko aukera. Eginak egin, zuhur jokatzen badugu, aldatzen saiatzen bagara, Jainkoak gure jokaera hori txalotu eta bere ondoan hartuko gaitu berriro. Emaguzu, Jauna, gure akatsak ikusteko argia eta zugana zuhur hurbiltzeko indarra.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude