HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 7
Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziren, esanez: «Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin». Orduan, parabola hau esan zien Jesusek: «Zuetako bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez al da beste laurogeita hemeretziak larrean utzirik, galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen du poz-pozik eta, etxera iristean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Poztu zaitezte nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia”. Hara Nik esan: Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihotz-berritzen den bekatari batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino. Eta zein emakumek, zilarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bazaio, ez du, kriseilua pizturik, etxea garbitu eta ardura guztiz bilatzen aurkitu arte? Eta aurkitzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Poztu zaitezte nirekin, aurkitu baitut galdutako txanpona”. Hara Nik esan: Berdin pozten da Jainkoa bere aingeruekin bihotz-berritzen den bekatari batengatik».
Lukas 15, 1-10.
Jesusengana arauak hausten zituztenak eta herriaren etsaiak —zergak bilduz, Erromaren zapalkuntzarekin bat egiten zutenak— hurbiltzen ziren. Eta fariseuek, jende onak, arau guzti-guztiak betetzen zituztenak, harritu egiten ziren, hori zela-eta.
Guri ere halaxe gertatzen zaigu sarri askotan: gure burua gainerako asko baino hobetzat jotzen dugu eta ez dugu ulertzen nola esan daitekeen Jesusen mezua bereziki haientzat dela. Ez gara konturatzen guk ere, geure interesak zaintzeagatik, hainbat arau hausten ditugula eta txikien zapalkuntzatik probetxua ateratzen dugula.
Lagundu, Jauna, gure bekatuak argi ikusten. Aldatu gure bihotzak, guretzat duzun proiektu horretan parte hartu ahal izateko. Eta lagundu gainerakoak zuk ikusten dituzun moduan ikusten. Horrela neba-arrebatzat hartu ahalko ditugu eta zu gure Aita-Ama izango zara.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments