HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 6

Aldi hartan, jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, haiengana bihurturik, esan zien: «Norbaitek nirekin etorri nahi badu, eta bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak, eta bere burua bera baino maiteago ez banau, ez daiteke izan nire ikasle. Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle. Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, eseri eta ez ditu aurretik gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko lain ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu ondoren ezin bukatuko balu, hori ikustean barre egingo liokete denek, esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik bukatu”. Edota zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, eseri eta ez du aldez aurretik deliberatzen, ea hamar mila gizon aski dituen, hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badu, artean bestea urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz. Era berean, zuetako inor ez daiteke nire ikasle izan, dituen guztiei uko egiten ez badie».

Lukas 14, 25-33.

Jesusek berri on bat aldarrikatzen zuen: Gauzak, aurrerantzean, Jainkoak nahi duen bezala egin daitezke. Jainkoaren erregetza heldu da. Justizia, senidetasuna, bakea, maitasuna… posibleak dira jadanik. Eta, hori entzutean, jende talde handiak ibiltzen ziren bere atzetik, Jesus bera baita hori lortzeko bidea.

Hori bai. Jarraitze hori guztizkoa izan behar da. Ez du balio gauzak erdizka egiteak. Bidean hasi eta erdian uzten badugu, ez goaz inora ere, gainerakoen barrea eta gure hondamendia baino ez dugu lortuko. Guztiek bezala, familia, adiskideak, lana… segurtasuna ematen diguten gauzak  behar ditugu. Baina argi ibili. Gauza horiek ez dira lehena, Jesusen jarraitzaile izan nahi badugu, behinik behin.

Badakigu, Jauna, ez diguzula eskatuko ezin egin genezakeenik. Lagundu eskatzen diguzuna argi ikusten. Eta eman indarra gure interesen gainetik zure eskaera aukeratzeko.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude