HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 5

Aldi hartan, Jesusekin mahaian zegoen batek esan zion: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko duena». Orduan, Jesusek esan zion: «Gizon batek afari handi bat eman zuen eta jende asko gonbidatu zuen. Afarirako ordua iritsi zenean, morroia bidali zuen gonbidatuei esatera: “Zatozte, prest dago dena”. Baina bata bestearen ondoren aitzakiak jartzen hasi ziren denak. Lehenengoak esan zion: “Soroa erosi dut, eta ikustera joan behar dut; barkatu, arren”. Beste batek, berriz: “Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dut; barkatu, arren”. Eta hurrengoak: “Ezkondu berria naiz, eta ez naiteke joan”. Itzuli zen morroia eta guztiaren berri eman zion nagusiari. Etxeko nagusia biziki haserretu zen eta esan zion morroiari: “Hoa bizkor herriko plazara eta kaleetara, eta ekarri behartsuak, elbarriak, itsuak eta herrenak”. Geroago, morroiak esan zion: “Jauna, egin dut agindu duzuna, eta oraindik bada lekurik”. Orduan, nagusiak esan zion: “Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sarrarazi jendea barrura, etxea bete dakidan”. Egia esan, gonbidatu haietako batek ere ez du nire afaria dastatuko».

Lukas 14, 15-24.

Jainkoak bere erregetzaren jaira gonbidatzen gaitu gu ere. Jesusen ondoren badakigu gauzak aldatu ahal direla, Jainkoak nahi dituen bezala izan daitezkeela, alegia. Bera gure Aita-Ama eta gu neba-arrebak izango garen Erreinu horretan parte hartzera gonbidatzen gaitu, pasarte honetako etxe jabeak bere auzokoak gonbidatzen zituen bezala.

Baina, pasartean bezala, guk ere beste interes batzuk ditugu. Ez dira gaiztakeriak, eguneroko bizitza ganoraz aurrera ateratzeko behar ditugun gauzak baizik. Eta interes horiengatik, noizean behin bederen, Jainkoa eta bere proiektua baztertzen ditugu, “barkatu mesedez” “beste behin izango da” esanez. Eta, Jesusen ustez behintzat, Jainkoak orduan baztertzen ditugun gainerako guztiak aukeratzen ditu, guk uko egin diogulako, hain zuzen ere.

Gure interesetatik zeinek oztopatzen digu Jainkoaren otordurako bidea? Benetan merezi du? Ala interes horiek alde batera utzi eta Jainkoagana itzuliko gara? Barkatu, arren, Jauna. Onar nazazu zure otorduan.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude