HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 4

Aldi hartan, Jesusek esan zion gonbidatu zuen fariseu-buruetakoari: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senideak, ahaideak edota auzoko aberatsak ere; zeren haiek ere gonbidatu egingo baitzintuzkete, eta horrela ordaina hartuko zenuke. Otordua ematean, gonbidatu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak. Zorionekoa zu, orduan, ezin izango baitizute ordaindu! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».

Lukas 14, 12-14.

Gainerakoak sailkatzeko joera izaten dugu maiz: batzuk ontzat ematen ditugu, gure ingurukoak, gurearen antzeko bizimodua egiten dutenak, gure jarrera berak defenditzen dituztenak; eta beste batzuk, ordea, desberdin bizi direnak, gaitzetsi egiten ditugu, jende gaiztotzat eta bekataritzat jotzen ditugu. Horrela, lehendabizikoekin gure ondasunak, gure denbora, gure ahalegina partekatzen ditugu, gutarrak direlako, guk nahi ditugun gauza berberak  nahi dituztelako… Eta bigarren taldekoei, berriz, zenbaitetan aurre egin eta beste zenbaitetan jaramonik ere ez diegu egiten. Izan ere, gure proiekturako oztopoak direlako.

Jesusen ustez, berriz, Jainkoak gauzak ez ditu horrela ikusten. Gure ondasunak, denbora… partekatu behar ditugu, bai, baina ez gu bezalakoak direnen alde, ezpada bere proiektua argi ikusi ezin dutenen alde, mugitu ere ezin direnen alde, txikienen alde, azken batean. Jesusen ustez Jainkoa baztertutako horiengan dago eta haiexengandik oihu egiten digu, neba-arrebatzat har ditzagun eta horrela bera gure Aita-Ama izan ahal izateko. Eska diezaiogun txikien horiek ikusi eta ezagutu ahal izateko.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude