HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 3
Aldi hartan, hurbildu zen Jesusengana lege-maisu bat eta galdetu zion: «Zein da agindu guztietan nagusiena? Jesusek erantzun: «Hau da nagusiena: “Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz”. Bigarrena, berriz, hau da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Ez da hauek baino agindu handiagorik». Lege-maisuak esan zion: «Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean, baita hura bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dela esatean ere». Eta Jesusek, zuhurki erantzun zuela ikusirik, esan zion: «Ez zaude urruti Jainkoaren erreinutik». Eta handik aurrera, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.
Markos 12, 28b-34.
Ziur aski beti gertatu izan den bezala, Jesusen jarraitzaileok, egoera pertsonal eta sozial oso konplexuen aurrean, ulertu ezin ditugun Elizaren jarrera batzuen aurrean eta gure konpromisoaren mailagatik etengabe interpelatzen gaituen Ebanjelioaren aurrean aurkitzen gara nahi baino gehiagotan. Bizitza konplexua dela esan ohi dugu.
Gaurko pasartean lege-maisu batek galdera on bat egiten du: zer da funtsezkoena? Jesusen erantzunak ez dauka ertzik: Jainkoa zure bihotz osoaz maitatzea, eta hurkoa zure burua bezala. Lege-maisuaren galdera ona bazen, erantzuna ez da eskasagoa: maitasunaren agindua edozein sakrifizio edo erre-opariren gainetik dago.
Jainkoa maitasuna da. Hurkoa maitatzeko deia Jainkoa maitatzeko aginduarekin banandu ezina da. Jesusen jarraitzaileak hurkoarenganako maitasuna elikatzen du Aitarenganako maitasuna elikatuz, eta Aitarenganako maitasuna eukaristiaren, otoitzaren eta Jaungoikoaren kuttunenekin, pobreekin alegia, bizitza partekatzearen bidez elikatzen da. Teresa Kalkutakoaren hitzetan: Kontua ez da zer egiten dugun, baizik zenbat maitasun jartzen dugun egiten dugun horretan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments