HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 2

Eguerdian lurralde hura guztia ilunpean gelditu zen, arratsalde erdia arte. Eta arratsalde erdian Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eloi, Eloi, lema sabaktani» –hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?»–. Han zeuden batzuek, hau entzutean, zioten: «Eliasi deika ari da». Eta batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera-muturrean jarrita, edateko eman zion, esanez: «Utziozue; ikus dezagun, ea etortzen zaion Elias, gurutzetik jaistera». Eta Jesusek, deiadar handi bat eginez, azken arnasa eman zuen. Jauretxeko oihala erdibi egin zen goitik beheraino. Haren aurrez aurre zegoen gudari-ehuntariak, berriz, era horretan hil zela ikustean, esan zuen: «Gizon hau, benetan, Jainkoaren Semea zen». Bazeuden han, urrutitik begira, emakume batzuk ere; haien artean, Maria Magdalena, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome –Jesus Galilean ibili zenean, laguntzaile eta zerbitzari izaten zituenak– eta beste emakume asko, Jesusekin batean Jerusalemera igo zirenak. Ilunabarrean, Prestaera Eguna, larunbat-bezpera, zelako, etorri zen Arimateako Jose –Batzarreko gizon argia, Jainkoaren erreinua itxaroten zuena bera ere–, eta ausardiaz Pilatogana joan zen, Jesusen gorpua eskatzera. Harritu zen Pilato, ordurako hila zelako, eta, ehuntariari dei eginez, aspaldi hil al zen galdetu zion. Ehuntariaren erantzuna jakin zuenean, utzi zion gorpua Joseri. Honek, izara bat erosi eta, gurutzetik jaitsirik, izaran bildu zuen; harkaitz bizian zulatutako hilobi batean ipini eta, hilobiko sarreran, harri biribil bat ezarri. Maria Magdalena eta Joseren Maria begira zeuden non jartzen zuten.

Markos 15, 33-39; 16, 1-16.

Atzo entzun genituen Zoriontasunetan islatutako Jesusen jarraipen erradikalak, sufrimendua ez aurrezteaz gain, ulertezinak, gaitzespenak, injustiziak, eta, toki batzuetan ere, heriotza dakartza. Merezi al du horrelako bizitza bat bizitzeak?

Jesus gurutziltzatua bukatzearen arrazoia Aitarekin bat eginda bizi izana izan zen. Bidegabekeriaren hutsa den heriotza honek bi alde erakusten dizkigu gaur: batetik, bakardade latz eta gordina Aitak abandonatu egin duela sentitzen duelako, baina, bestetik, Jainkoaren presentzia nabarmena, santutegiko oihala urratzearen irudian eta erromatar ehuntariaren fede aitortzan islatzen dena. Eta azken hitza Jainkoak du: hil arte jarraitu diona berpiztu egin du, ez du abandonatu.

Giza naturak berezkoa duen hauskortasunari, Jesusen jarraipen zintzoak sufrimendu gehigarria dakarkio. Gaurko pasarteak Ebanjelioarekin dugun konpromisoaren zintzotasun mailaz interpelatzen gaitu. Baina Aitari itsatsita bizi bagara betiko Berarekin bat eginda bizitzeko esperantza ere luzatzen digu. Eta esperantza hau da, hain zuzen ere, gaur ospatzen dugunaren funtsa: gure hildakoak Kristoren presentzian behin betiko bizi direla.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude